Berriak

Euskal Museoa 4.0 da dagoeneko, euskal itsasoaren historian oinarritutako aplikazio bat garatu baitu

 

“Euskal Museoa – Itsasoa” app-ak aukera ematen du interaktuatzeko eta euskaldunen itsasoari eskainitako aretoko multimedia edukia ikusteko, Bluetooth LE (iBeacon) posizionamendu-teknologia erabiliz

Edukia euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez egongo da eskuragarri, Apple Storen edo Google Playen

Aplikazioa telefonoan edo tabletan jaitsi daiteke, doan, Bizkaiko erakundearen hallean bertan

Ibilbidean dauden 9 sentsoreen bidez, ikusleak aukera izango du bideo-gidak, 3D objektuak eta 360ºko argazkiak ikusteko nahiz abilezia-jolasekin gozatzeko

 


 

Bilboko Euskal Museoak “Euskal Museoa - Itsasoa” aplikazioa sortu du; Bluetooth LE 4.0 (iBeacon) posizionamendu-teknologiaren bidez, ikusleei aukera ematen die ITSASOA aretoan interaktuatzeko. Bizkaiko erakundearen lehen solairuan dago erakusketa. Appak eskuragarri ipintzen ditu museoko erakusketaren zati hori osatzen eta dinamizatzen duten multimedia edukiak.

9 sentsorez osatutako ibilbide baten bitartez, bisita egin nahi duen edonork, aplikazioari esker, ikusiko du nola agertzen zaion eduki digitala bere telefonoan edo tabletan, sentsorearen parean jarri bezain laster. Horretarako, aplikazioa jaitsi behar da museoaren hallean, non wifi konexioa egongo den, "Euskal Museoa - Itsasoa" Apple Storetik edo Google Playetik jaisteko. Aretoan zaudenean, euskaraz, gaztelaniaz zein ingelesez, eduki estra horrekin guztiarekin gozatu ahal izango duzu.

Aplikazio berritzaile honen garapena eta diseinua Euskal Museoak koordinatu du.Taldean egindako lana da, eta edukiak era sinple eta atseginean ikusteko, formaturik onenak aurkitzen ahalegindu gara. Beste erakunde batzuek ere hartu dute parte; esate baterako, Albaola itsas kultur faktoriak ikus-entzunezko materiala utzi digu, eskuzabaltasunez.

Bestalde, iBeaconak erakusketako bitrina desberdinak aintzat hartuta egokitu dira, erabiltzailearen esperientzia ahalik eta onena izan dadin. iBeacon energia baxuko Bluetoothean (BLE) –Bluetooth Smart ere deitua– oinarritzen da. Bluetooth LE izaten dute modu dualarekin bateragarri diren Bluetooth 4.0 gailuek. Bizitza errealean, posizioaren/testuinguruaren araberako sentsore harigabe bat izango litzateke, zeinak doitasunez zehaztu dezakeen gailuaren posizioa.

Horri esker, ITSASOA aretoko ibilbidean dauden 9 iBeacon sentsoreek badakite erabiltzailea non dagoen, eta, beraz, gune horretako edukia bistaratzen dute. Sentsoreak dauden lekuetan, elementu hauek egongo dira, betiere, erakusketako gunearen arabera:

 

• Bideo-gida

• Arloarekin zerikusia duten 3D objektuak

• Arloarekin zerikusia duten galdera-jolasak

• 360 graduko argazkiak

• Abilezia jolasak

 

Aplikazioarekin lortu nahi den xedea da bisitariaren esperientzia aberastea; izan ere, erabiltzaile bakoitzak informazio gehigarria izango du era indibidualizatuan, bai eta jolasetan aritzeko aukera ere, bere ezagutzak proban jartzeko. Horrek guztiak, gainera, laguntza emango du Museoaren lanarekin jarraitzeko, hau da, euskal kultura eta historia zabaltzen jarraitzeko.

Prest al zaude Euskal Museoan 4.0 esperientzia bat bizitzeko?

Zatoz Museoko ITSASOA / EL MAR DE LOS VASCOS aretora, eta goza ezazu inoiz ikusi gabeko edukiez. Bisitaz oraindik ere gehiago gozaraziko dizun esperientzia.

Bila ezazu Apple Storen edo Google Playen Euskal Museoaren aplikazioa!