Berriak

Euskal Museoa Aste Nagusian: markak hausten, ia 30.000 bisitari izanda

 

Aste batean bakarrik, 27.723 lagun bertaratu dira Bizkaiko erakundera

Azken urteetan, hirukoiztu egin dira Euskal Museoan abuztuan egindako bisiten kopurua, bertako aldi baterako erakusketen arrakasta dela-eta, hala nola Bilboko erraldoiek eta buruhandiek osatutako erakusketarena

Bilboko jaietan, pertsona askok Euskal Museoa bisitatzen dute, bertako bilduma zabala ezagutzeko xedez

 


 

Euskal Museoak beste marka bat hautsi du, Aste Nagusian 27.700 bisitaritik gora izan baititu. Zifra horrek agerian uzten du, azken urteetan, abuztuan bisita-kopurua asko handitzen dela Bizkaiko erakundean. 2016 eta 2018 artean, Museoan hirukoiztu egin ziren sasoi horretako bisitariak: 10.000 bisitari izatetik 30.000 izatera igaro ziren, eta aurten ere horrelaxe izan da.

Museora etortzen direnek, normalean, euskal kulturaren berri izan nahi dute erakusketa iraunkorraren bitartez, bai eta urte osoan zehar eskaintzen dituen aldi baterako erakusketekin gozatu ere. Bilboko jaietan, Euskal Museora sartzea dohainik da, eta aldi baterako erakusketetako bat, ‘Bilboko Erraldoiak eta Buruhandiak’, turistentzako nahiz hemengoentzako erakargarria izaten da.

Udan zehar estalitako klaustroan daude kokatuta erraldoi eta buruhandi horiek, eta Bilboko Aste Nagusiko erakargarririk nagusietako bat bihurtu dira. Hogeita lau erraldoik eta hamar buruhandik osatutako erakusketa da, eta, urtero, gero eta lagun gehiago bertaratzen dira horiek ikusteko.

Hala, Ingelesak, Emakume bilbotarrak, Pitxitxik, Linak eta abarrek milaka lagunen flashak jaso dituzte egunero, hiriko kaleetan barrena ibili aurretik eta ondoren, jaietan goizero ospatzen den eta pertsonaia ezagun horiek protagonista dituen kalejiran. Euskal Museoaren xede nagusietako bat euskal kultura hedatzea da, eta helburu hori lortzen laguntzen duen berri ona da hauxe, zalantzarik gabe.

Aurten, Bilboko erraldoien aldi baterako erakusketarekin batera, “Erraldoien Bildumagilea” izango dugu, hau da, Xabier Duarte artista katalanak egindako argazki-bilduma. Argazki horiek Euskal Museoko galerietako batean daude ikusgai, eta pertsonaia horien barrura eramaten dituzte ikusleak.

Bestetik, argazki-erakusketa egin da aurtengo udan, lehen aldiz, Bilboko Zazpi Kaleetako geltokian. Bertan, geltokitik metro gutxira, alegia, Euskal Museoan dagoen erraldoien eta buruhandien erakusketaren pintzelkada txikia ikus daiteke.

Datu horiek berriro ere erakusten dutenez, gora egin du Euskal Museoan azken aldian egindako bisiten kopuruak, eta ez bakarrik Aste Nagusian, baizik eta urte osoan, museoko jardueren egitarau osoari esker. Adibide bat ematearren, eta 2018ko ekainari begira, Bizkaiko erakundeak jasotako bisitak bikoiztu dira azken urtean, % 119ko gorakadarekin. Hala, aurreko urtean, 15.705 bisitari izan ziren ekainean, eta 2019ko ekainean, berriz, 34.470 izan dira.

Bilboko Berreginen Museoan ere bilakaera positibo hori gertatzen ari da. Izan ere, museoak koordinazio berbera dauka Bilbao Bizkaia Museoak markaren baitan. Azken museo horren kasuan, gorakada ia % 8koa izan da. Hala, 2018ko ekainera arte, 9.758 bisitari izan ziren, eta 2019ko ekainera arte, 10.489 izan dira.

Arrakasta gero eta handiagoa duten aldi baterako erakusketak, ekitaldi gehiago jasotzen dituen bi museoetako jardueren egitarau zabala eta programazioa definitzeko orduan beste erakunde batzuekin lan egitea izan dira datu positibo horien gakoak.