Berriak

Musika Bizian jaialdiaren seigarren edizioa Bilboko Euskal Museoan aurkeztu da

 

Euskal ordezkaritza, aurten 25. urteurrena betetzen duen Alboka talde beteranoaren eta Iñaki Ortiz de Villalba Betagarri taldearen sortzailea buru den Modus Operandi ska-rock proiektuaren eskutik etorriko da

Kartela, Skipinnish eskoziarrek, Frisiako Baldrs Draumar taldeak eta Man Uharteko Mec Lir taldeak osatzen dute

Edizio honetan azpimarragarria da luthier azoka. Bultzada eman zaio, eta Okzitaniatik, Sardiniatik eta Galiziatik etorritako musika-tresna tradizionalen fabrikatzaileak izango ditu lehen aldiz, bertakoez gain, eta jende guztiarentzako emanaldiak eta tailerrak eskainiko dituzte larunbat goizean

Taberna Ibiltaria eta Galiziako Xistra de Coruxo taldea arduratuko dira sarrera librea eta doakoa duen eta Andra Mari Eusko Dantzari Taldeak Iturrondo plazan antolatzen duen jaialdiko kaleko animazioaz

Estaturik gabeko herrialdeei eskainitako musika jaialdi bakarra da, eta dagoeneko Europako, Amerikako eta Afrikako hogeita hamar talde baino gehiago aritu dira; iaz 5.000 pertsona elkartu zituen

 


 

Galdakaok, Estaturik gabeko herrialdeetako musikari eskainitako jaialdi bakarra jasoko du berriro urriko azken asteburuan, ostiralean, 25ean, eta larunbatean, 26an, bertako Andra Mari Eusko Dantzari Taldeak antolatzen duen Musika Bizian jaialdia. Seigarren ediziora helduta, gero eta ikus-entzule gehiago erakartzeak ematen duen abalarekin, 2018an 5.000 izan baitzituen, jaialdiak Euskal Herriko, Man Uharteko, Frisiako eta Eskoziako taldeak aurkeztuko ditu aurten, eta jarduera paralelo bat bultzatzearen aldeko apustua egiten du, luthier, musika-tresna tradizionalak modu artisauan egiten dituzten fabrikatzaile, azoka. Musika Bizian jaialdiaren seigarren edizioa Bilboko Euskal Museoan aurkeztu dute Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatuak, Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak eta talde antolatzailea ordezkatu duen Jon Gómez Garaik.

 

Alboka, luxuzko zortzi musikari lehenengo egunean

Euskal musika ordezkaritzaren buru Alboka izango da aurten, Alan Griffin eta Joxan Goikoetxea lider dituen eta 25. urteurrena bete berri duen euskal folk talde beteranoa. Gaur egun zortzi kide dituen taldea euskal folkaren ordezkari sendoenetakoa da, herrialdeko erromantze tradizionaletan oinarritutako melodiak eguneratuz eta sortu berri diren beste batzuk eskainiz, beti ere musika herrikoiari leial izanda. Taldeak birritan jaso du Academia de las Artes y las Ciencias de la Música (SGAE–AIE) izenekoak ematen dituen musikaren sarietarako izendapena, eta bere lanetako batzuk bere generoko Europako disko onenen artean aukeratu ditu “FolkWorld” aldizkari alemanak.

 

Modus Operandi, amaiera larunbatean

Musika Bizianen edizio honetan parte hartuko duen bigarren euskal taldeak soslai erabat desberdina erakusten du: Modus Operandi seikotea Iñaki Ortiz de Villalbak “Beta”, Betagarri talde gasteiztar historikoaren sortzaileetako batek, bultzatutako egitasmoa da. Bi urteko ibilbidea egin eta disko bat kaleratu duen Modus Operandi taldeak musikari dagokionez ska, rocka, soula, reggaea eta baita Balkaneetako eraginak ere, uztartzen ditu, eta bere letrek festarako gogoa eta gogoeta eta konpromisoa erakusten dute.

 

Europako hainbat herrialdetako hiru taldek osatzen dute Musika Bizian jaialdiaren kontzertu egitaraua:

Skipinnish eskoziarrek, herrialde hartako melodia tradizionalak atsegin dituztenak asebeteko dituzte;

Tomas Callister Man Uharteko biolin jotzailearen Mec Lir egitasmoak erritmo zeltiarrak lantzen ditu, dantzara eta dibertsiora deitzeko;

Baldrs Draumar, bere abestiak Herbehereetako Frisia probintziako hizkuntzan abesten dituen Viking Metal taldea da.

 

Ostiralean, urriaren 25ean, eta larunbatean, 26an, 21:00etatik aurrera egingo diren kontzertuekin batera, musika eskaintza bi ordu lehenago martxan jarriko den kaleko animazioarekin osatuko da. Aurten, Taberna Ibiltaria euskal taldearen (ostiralean) eta Xistra de Coruxo gaita jotzaile galiziarren (larunbatean) eskutik etorriko da, benetako ikuskizuna sortzen duten bi talde.

 

Luthier azoka handia: Okzitania, Sardinia, Galizia eta Euskal Herria

Emanaldiak eta tailerrak

Musika Bizianen aurtengo edizioaren berrikuntza nagusietakoa jaialdiaren jarduera paraleloetan zentratuko da, eta zehatzago esanez, musika-tresna tradizionalen fabrikazioan espezializatuta dauden luthierren erakusketan. Horrela, bertako Osses (Otazu) Jotzen (Zeanuri), Katxarrismos (Portugalete), Sospalak (Lemoa), Jose Adarrak (Zumaia) eta Ezpela (Berriozar) artisauekin batera, antolakuntzak bultzada eman dio ekimenari, eta erakusketa zabaldu du, lehen aldiz Sardiniako (Andrea Pisu eta Giancarlo Seu), Okzitaniako (Yan Cozian) eta Galiziako (Carlos do Viso) ordezkariak ekarriz.

Larunbateko eguerdiko 12:00etatik aurrera irekiko dira luthierrentzat egokitutako postuak, eta bakoitzak bere produktuak erakusteko aukera izango du, Iturrondo plazan egongo den karpara hurbilduko diren guztien aurrean. Horrez gain, 10 minutu inguruko mini-kontzertuak eman ahal izango dituzte, fabrikatzen dituzten musika-tresnak jotzeko eta horien soinu propioak erakusteko: Landetako kornamusa, Sardiniako klarinete hirukoitza edo zanfona, albokekin, txalapartekin, panderoekin, txistuekin, danborrekin, adarrekin… batera, eta baita berrerabilitako materialarekin egindako musika-tresnak ere.

 

Musika Bizian kultur eskaintza berezi gisa finkatu da: Estaturik gabeko herrialdeetako musikari eskainitako jaialdi bakarra da, eta dagoeneko Europatik, Ameriketatik eta Afrikatik etorritako hogeita hamar talde inguruk hartu dute parte. Ekimena 2014an jarri zuen martxan sei hamarkada baino gehiago dituen Andra Mari Eusko Dantzari Taldeak, eta sei edizioetan bere izaerari eutsi dio: irabazi asmorik gabeko folk/rock jaialdia, lehen mailako taldeak dituena, familia osoari zuzendutako jarduera osagarriek lagunduta. Jaialdiak Galdakaoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa eta Laboral Kutxaren eta Iraragorri hotelaren laguntza ditu.