"Kameratik orratzera. De la cámara a la aguja" erakusketa 2025eko uztailaren 11n iritsiko da Orduña Hiria Museora
XIX. eta XX. mendeetako emakume-jantzien erakusketa, Eulalia Abaituaren argazkietan oinarrituta
Bilboko Euskal Museoak antolatutako "Kameratik orratzera. De la cámara a la aguja” erakusketa da. Ekitaldi honetan Eulalia Abaituaren argazki-bilduma bat hartu da erreferentziatzat, eta lau jantzi josi dira, XIX. eta XX.mendeen artean Bizkaiko emakumeen janzkera nolakoa zen erakusten dutenak, jendaurrean ikusgai jartzeko.

“Kameratik Orratzera. Emakumeen jantziak Eulalia Abaituaren argazkietan. De la cámara a la aguja. El traje femenino en las fotografías de Eulalia Abaitua” izeneko erakusketa Eulalia Abaitua argazkilari bilbotarraren irudietatik abiatzen da, eta bertan XIX. eta XX. mendeen artean Bizkaiko landa- eta hiri-eremuetako emakumeen janzkerak zituen ezaugarriak agertzen dira.
Bilboko Euskal Museoak sorrarazi duen erakusketarako, Eulalia Abaituaren argazkietatik abiatuta, Bizkaiko emakumeen janzkeraren eredu diren lau jantzi sortu dira, giro desberdinetan nagusi ziren ezaugarriak biltzen dituzten soineko osoen erakusgarri. Dantza-talde hauetako emakumeek egin dituzte jantziok, hainbat dantzari-elkarteren laguntzarekin: Agintzari (Basauri), Salbatzaile (Bilbo) eta Zubitxo (Lezo).
Formatu handiko 24 argazki-erreprodukzio ageri dira, Eulalia Abaituak hartu ondoren, Bilboko Euskal Museoaren digitalizazio berrietatik sortu direnak. Bertan, garai bateko arropa-piezak agertzen dira, zenbait janzkiren ezaugarriak azaltzeko (buruko apaingarriak, xalak, barruko arropa, alkandorak, jakak, amantalak, besteak beste). Erakusketaren barruan irudiak, objektuak eta ikus-entzunezko bat daude, eta azken horren bidez ikus daiteke jostunek, patroi-egileek eta tindatzaileek egindako lana.
Landa-eremuan lanerako erabiltzen zirenetako bi soineko egiteko patroiak jarriko dira salgai. Gainera, patroien lehen liburua ere eskuragarri egongo da, ospakizun formaletarako jantziari dagokiona, eta Eulalia Abaituaren argazkien erakusketen katalogoak, Bilboko Euskal Museoak egindakoak.
Elementu horiek guztiak erabiliz, "Kameratik orratzera. De la cámara a la aguja" erakusketaren bidez, Eulalia Abaitua argazkilariaren lana ezagutzera emateaz gain, beste ikuspegi batetik egingo da argazkilariaren obraren balorazioa. Izan ere, emakume langileen janzkerari buruz ikertzeko informazio-iturri bakarra da argazki-bilduma hori.
Gainera, erakusketa honetan bat egiten dute Bizkaiko landa- eta hiri-giroan emakumeek lanerako erabiltzen zituzten arropen ezaugarriek eta jantziek ezkutatzen dituzten balioek zein esanahiek. Bestalde, dantza-taldeek joskintzari lotutako herri-kulturaren transmisioan duten garrantzia kontuan hartuta, "Kameratik Orratzera. De la cámara a la aguja “ proiektuan, emakumeek itzalean egindako lana balioesten eta aitortzen da, hura ikertuz eta ekoitziz.
Erakusketa ibiltari hau Bilboko Euskal Museoa berregituratzeaz batera antolatutako jardueren barruan kokatzen da.