Berriak

"Kameratik orratzera" erakusketa Euskal Herria Museora iritsi da

 

Bizkaiko emakumeen jantziak erakutsiko ditu, Eulalia Abaituaren argazkien bidez

 

 


 

Kameratik orratzera erakusketa Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskal Herria Museoan, Gernikan dago ikusgai 2026ko ekainaren 29ra arte.

Bilboko Euskal Museoak ekoitzi du erakusketa, eta Bizkaiko emakumeen XIX. eta XX. mendeen arteko jantziak erakusten ditu, Eulalia Abaitua bilbotar argazkilariaren argazki-funtsetik abiatuta. Haren irudien sorta bat erreferentziatzat hartuta, lau jantzi oso egin dira, eta zorroztasun historikoz erreproduzitu dira landa- eta hiri-eremuetako emakumeen jantzien ezaugarriak. Agintzari (Basauri), Salbatzaile (Bilbo) eta Zubitxo (Lezo) dantza-taldeetako emakumeek egin dituzte arropa horiek, dantzari-elkarte batzuen laguntzarekin.

Erakusketak formatu handiko argazki-erreprodukzioak bildu ditu, Bilboko Euskal Museoak berriki egindako digitalizazioetatik abiatuta sortuak, bai eta antzinako piezak ere, zeinek jantzien elementuak testuinguruan kokatzea eta azaltzea ahalbidetzen baitute: burukoak, xalak, barruko arropa, blusak, jakak, mantalak eta beste osagarri batzuk. Gainera, ikus-entzunezko bat ere badago, proiektuan parte hartu duten jostunek eta adituek egindako ikerketa-, patroi sortze-, joskintza- eta tindatze-prozesua dokumentatzen duena.

Eulalia Abaituaren lanaren balioa nabarmentzeko proiektua

Kameratik orratzera erakusketak Eulalia Abaituaren lanari begiratzeko beste era bat eskaintzen du, eta haren argazkiak informazio-iturri paregabetzat hartu ditu Bizkaiko emakume langileen janzkera aztertzeko. Erakusketan, jantzien ezaugarriak eta jantziei lotutako balio eta esanahi kulturalak dira nabarmentzekoak.

Proiektu horrek, halaber, aitortzen du dantza-taldeek joskintzari eta jantzigintzari lotutako herri-kulturaren transmisioan duten funtsezko eginkizuna, tradizio horiek ikertzen, zaintzen eta erreproduzitzen dituzten emakumeen lana —askotan ikusezina— ikusarazten baitute.

Erakusketa ibiltaria

Bilboko Euskal Museoaren berregituratze-lanak gauzatu bitartean egindako jardueren parte da erakusketa. Haren ibilbidea La Encartada Fabrika-Museoan hasi zen. Han, ehun urtetik gorako Europako ehungintzako bilduma teknologikorik osoena dago eta, espazio horri esker, aukera dago XIX. mendeko ehungintza-fabrika baten funtzionamendua gertutik ezagutzeko. Harrezkero, Bizkaiko hainbat espaziotan egon ondoren, Euskal Herria Museora iritsi da, Gernika-Lumora.

Patroien aldizkariak

Erakusketa honen dibulgazio-helburuan sakontzeko, proposatutako lau jantziei dagozkien patroiak jasotzen dituzten lau argitalpen egin dira, eta jantziak egiteko urratsak eta eredutzat erabilitako argazkiak jaso dira haietan.

Laugarren zenbakia, saltzailearen jantziari dagokiona, erakusketarekin batera aurkeztu da, eta zenbaki guztiak Euskal Herria Museoan daude eskuragarri.