Bildumen Historia

Museoko bildumen historia 1917 eta 1921. urteen artean hasi zen, hau da, zentroa sortu eta inauguratu bitarteko aldian, oinarrizko helburu bati erantzun nahian: Museoa eta bertako erakusketak abiaraztea.

Denbora-tarte horretan erregistratutako sarreren artean, Bizkaiko Monumentuen Batzordeak 1908tik (orduan jarri zen abian) katalogatutako lan ugari daude. Pieza horietako gehienak arkitektonikoak eta eskultorikoak dira; besteak beste, armarriak, ateburuak, tinpanoak, kapitelak, tailuak, erretaulak, ziborioak, laudak, sarkofagoak… Horiez gain, objektu etnografiko ugari gehitu ziren, eta hori izan zen gaur egungo bilduma gehienen hasiera: arropak eta etxeko gauzak, altzariak, tresnak, etxeko tresneria, sareak eta arrantzarako lanabesak, laborantzako tresnak, artzaintzarako lanabesak, zapatagintzako eta upelgintzako tresneria, ehungintzarako instrumentuak, armak, joko eta kiroletarako tresnak, argizaiolak eta hil-oihalak…

Objektu haietako gehienak eskuratutakoak ziren, Museoaren instalazioa babesten zuten erakundeek egindako inbertsioaren ondorioz. Gehienak Bizkaikoak ziren, baina Araba eta Gipuzkoatik jasotakoak ere ez ziren falta izan, eta, bitxia bada ere, Museoan erregistratu ziren lehenengo lau objektuak Baztango Haranekoak (Nafarroa) ziren.

Inaugurazioaren ostean, sarreren erritmoak behera egin zuen, baina hasitako bildumek haziz jarraitu zuten, eta, apurka-apurka, beste bilduma batzuk sortzen joan ziren: Karlistaldiak eta Gerra Zibila, Zeramika, Numismatika, Burdinoletako tresneria, Grabatuak, Kartelak eta Planoak, Farmazia, Arte Plastikoak… Alabaina, urte horietan, gero eta garrantzitsuagoa izaten hasi zen partikularrek edo erakundeek dohaintzan emandako objektuen kopurua, eta, horien artean, bereziki nabarmendu behar dira Laureano Jado y Ventades jaunaren eta Alberto Palacio Olabarria jaunaren legatuak, hein handi batean nazioarteko dekorazio-arteetako pieza zoragarriz osatutakoak.

Hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadetan, Domingo Altube jaunaren dohaintzei esker, pilotari buruzko bilduma nabarmen aberastu zen; izan ere, Altubek hainbat tresna eta argazki-serie bikain bat eman zituen; eta gauza bera gertatu zen Farmaziari buruzko bildumarekin, Bilboko Pinedo Farmazia zeneko botika-ontzi guztien dohaintzari esker. Garai hartan handitu berria zen Museoko erakusketen muntaiarekin lotuta, Bilboko Kontsulatuko fondoen gordailua ere aipatu behar da (Batzordeko presidentea zen Domingo Guzmán jaunaren ekimenez), bai eta Bizkaiko siderurgiako enpresa aitzindaria zen Boluetako Santa Ana Galdategitik ekarritako objektu, molde eta ereduren eskuraketa ere.

1980tik aurrera, aldaketa handia gertatu zen Museoaren bizitzan eta bertako bildumetan, gaur egun indarrean jarraitzen duen eskuraketa-politika ezartzerakoan. Arreta ematen duen lehenengo datua fondoen sarreraren hazkunde nabarmena da; izan ere, gorabeherak gorabehera, urtean 500 erregistro egon ziren batez beste. Beste alde batetik, berriro heldu zitzaion Museoaren sorrerako filosofiaren printzipioari, bildumak Euskal Herri osoko objektuekin osatuz eta, beraz, Iparraldeko objektuak ere sartuz, ordura arte ez baitzuten ordezkaritzarik izan Museoaren fondoetan.

Era berean, fondoak enkante eta antikuarioetan eskuratzea ohiko bihurtu zen eta jardun hori erregularizatu egin zen; landa-lana eta ikerketa-lanari ekin zitzaion esparru etnografikoan, sarritan materialak ere jasoz; etxe, baserri eta tailer osoak batu ziren, normalean jabeen eskuzabaltasunari esker; eta aurrera egin zen bilduman sartu beharreko objektuen kronologian, denbora-tartea 1960-70eko hamarkadetara arte luzatuz, denboraren bilakaera-erritmo gero eta biziagoari erantzun nahian, objektuak zaharkitu egiten baitziren urte gutxi izan arren.

Antzinako bildumek etekina atera zioten egoera horri; izan ere, bultzada handia jaso zuten. Era berean, ziurrenik, Lanbideei eta Artisautzei buruzko bildumak, bilduma grafikoak eta argazki-bildumak izan ziren hazkunderik handiena izan zutenak, eta, aipatutako azken horien kasuan, duten izaera dokumentala baloratzen da batez ere, Museoak Euskal Kulturaren arloan dituen testigantza materialak osatzeko eta irudikatzeko balio duen informazio-iturria baita.

Ia ehun urteko historia honetan, erakundeen ahaleginari eta herritarren ekarpen eskuzabalei esker, 20.000 objektutik gorako ondarea sortu ahal izan da, gure arbasoen eguneroko bizitzako eta zereginetako arloak ezagutu ahal izateko. Gainera, ondareak irekita eta haziz jarraitzen du.