Berriak

Nola dibertitu eta ikasi familian!

Imajinazioa funtsezko osagaia izan zen “Eraiki  zure etxea” familiarteko tailerrean. Saioa joan den larunbatean egin zen, hilaren 25ean, museoan. Barreak eta kontzentrazioa ere ez ziren falta izan, eraikuntza-lan egokiak egiteko orduan.


Ondareari buruzko Europako Jardunaldien inguruan programatutako azken jarduera-eguna izan zen, eta oso gauza atsegina izan zen gurasoak seme-alabekin lanean eta inplikatuta ikustea, etxebizitzak eraikitzen eta apaintzen. Mota guztietako etxeak egon ziren: igogailua kanpoaldean zutenak, terrazetan igerilekuak zituztenak, maskotadun baserriak, eta, nola ez, batzuek altzariekin eta etxeko tresna mota guztiekin apaindu zituzten etxeak barrutik. Kolorea ere presente egon zen fatxadetan: etxe batzuetan, loredun balkoiak ikusten ziren, armarriak, etxearen izena... eta, tximiniei dagokienez, kea baino ez zitzaien falta.

Proportzioak eta neurriak zehaztasun osoz aztertu eta hartu ziren. Batzuetan, etxeen neurria egiaztatzeko modurik onena eraikinaren barruan sartzea zen, eta halaxe egin zuten umeek zein helduek.

Modu ona izan zen urriari amaiera emateko. Eskerrik asko denoi, parte hartzeagatik.