Berriak

Itziar Lazkano aktoreak lehen aldiz jarri dio ahotsa Unamunoren Solitaña lanari

“Zorionekoak mantsoak!”. Gaur, horrelaxe amaitu du Itziar Lazkanok Unamunoren Solitaña, el cuento que se hizo novela (Solitaña, eleberri bihurtutako ipuina) lanaren irakurketa, eta harri eta zur utzi ditu Bilboko Kontsuletxeko aretoa betetzen zuten ikus-entzuleak. Horren erakusgarri, ekitaldiaren amaieran, entzuleetako bat aktorearengana hurbildu da, irakurketa zeinen zirraragarria izan den adierazteko.


Ekitaldia Sorkunde Aiarza museoko koordinatzaileak eta Carlos Bacigalupe kazetariak aurkeztu dute, eta azken horrek Portugaleteko aktore ezagunaren curriculuma laburbildu du. Bacigalupek artistak antzerkiaren arloan garatutako ibilbidea eta Karraka taldeko kide sortzaile moduan izandako zeregina izan ditu hizpide, baita 20 film luzetan eta zenbait telebista-sail ospetsutan izandako partaidetza ere: Vaya semanita, Aida, El comisario, Periodistas edo Juntos y revueltos lanetan, hain zuzen ere. Era berean, Basauriko Antzerki Eskolan irakasle moduan garatutako lana ere gogorarazi du, baita orain Arriaga antzokian egiten ari dena ere.

Pianoa eta txistua ezin hobeto egokitu dira On Roqueren, Solitañaren, urratsetara, Bilboko Zazpi Kaleetan zehar. Musikari eta aktorearen ahots liluragarriari esker irudikatu ahal izan da ipuina. Izan ere, sor eta lor utzi gaitu, irribarre eragin digu eta barre-algararen bat ere egin dugu Unamunoren lumak sortutako pertsonaiaren bizitza eta historia entzutean. Hartara, pertsonaiaren arima tolesgabea ezagutu ahal izan dugu, baita etxean, dendan nahiz ingurunean bizitzea zeinen gustuko zuen ere. Pertsona bihozbera da benetan.

Modu berean, Carlos Bacigalupek Adrian García de los Ojos aktore eta musikagilearen curriculuma ere aipatu du; izan ere, 27 urte baditu ere, haren ibilbidea oso interesgarria da. Une honetan, “Goenkale” telebista-saileko aktorea da, eta honako antzezlan hauetan lan egin du:Orquesta de Señoritas, Be mix, Esto no es un cabaret eta Link Company Dance. Musikaren arloan, berriz, Ars Viva abesbatzako baritonoa ez ezik, zinerako nahiz telebistarako musika-lanen sortzailea ere bada García de los Ojos, baita Solitaña, el cuento que se hizo novela lanaren irakurketa dramatizatuan entzundako musikaren egilea ere. Pianoa eta txistua ezin hobeto egokitu dira Unamunoren laneko protagonistaren urratsetara, Bilboko Zazpi Kaleetan zehar.

Musikari eta Itziar Lazkanoren ahots zoragarriari esker, ipuina irudikatu ahal izan da, eta ikus-entzuleek On Roqueren, Solitañaren, arima tolesgabea ezagutu ahal izan dute, baita etxean, dendan nahiz ingurunean bizitzea zeinen gustuko zuen ere.

Eskerrik asko guztioi gure Hitzaldi eta Emanaldien Zikloan parte hartzeagatik.