Berriak

Euskal Museoaren 'Estereoskopiak 16+16' erakusketak maletak egin eta Gernikara bidaiatuko du

 

Eulalia Abaituaren hiru dimentsioko argazkiek eta emakumezko euskal idazleen narrazioek osatzen dute erakusketa; ekainaren 17ra arte egongo da zabalik Bizkaiko herri horretako Euskal Herria Museoan. 

 


 

Euskal Museoak 2016an inauguratu zuen Estereoskopiak 16+16 erakusketa. Erakusketaren protagonista nagusiak Eulalia Abaituaren (Bilbo, 1853-1943) argazkiak ziren, erakundeak gorderik zeukan altxorra. Argazkilariaren hamasei irudi modu harrigarrian aurkezten zitzaizkion ikusleari, hiru dimentsiotan eta haietako bakoitza emakumezko euskal idazleen narrazio banaren bidez deskribatuta.

Azkue Fundazioaren Euskararen Etxetik ere igaro ostean, Euskal Herria Museora iritsi da orain erakusketa (http://euskalherriamuseoa.negocio.site/); 2018ko otsailaren 2tik ekainaren 17ra egongo da bertan. Zalantzarik gabe, berri pozgarria da Bilboko Euskal Museoarentzat eta erakusketaren arduradun tekniko Maite Jiménezentzat, bere bildumaren eta lanaren zati bat bestelako espazioetan ezagutuko dutelako.

Ohiko formatuekiko aldaketa dakar erakusketa honek: ikusizkoa eta ahozkoa uztartzen ditu. Batuketa horren lehenbiziko emaitza Eulalia Abaituaren 16 argazki dira, gehienak zuri-beltzekoak, formatu estereoskopikodun beirazko euskarrian; estereoskopio baten azpian jarriz gero, hiru dimentsiotan ikusten diren bi argazki-pare.

Gehienetan, museoetan ikusgai jarri izan diren irudiak bi dimentsioko formatuan aurkeztu ohi dira. Oraingoan, ordea, dena aldatzen da: poliesterrezko formatu anaglifoan —irudiak 3Dn erreproduzitzeko teknika— erakusten zaizkigu irudiak, leden bidez berrargiztaturiko 110 x 110 zentimetroko pantailen barruan. Hiru dimentsioko irudi gisara ikusteko, kolore desberdineko kristal bana duten betaurrekoak behar dira; bata urdina eta bestea gorria. Horiek Museoak berak eskainiko ditu audiogidarekin batera.

Izan ere, batuketaren bigarren emaitza argazki horiek deskribatzen dituzten 16 ahotsak dira. Euskal Herriko emakumeen ahotsak, Abaituaren lana ikusterakoan jaiotako sentimenduez mintzo diren testuak sortu dituzten idazleenak. Haiek aukeratzeko, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle titularra eta Etxepare Institutuko Euskararen Sustapen eta Hedakuntzarako zuzendaria den Mari Jose Olaziregiren aholkularitza literarioa jaso du Euskal Museoak. Aurelia Arkotxak, Laura Mintegik, Lourdes Oñederrak, Katixa Agirrek, Leire Bilbaok, Uxue Alberdik, Ana Urkizak, Mariasun Landak, Yolanda Arrietak, Karmele Jaiok, Miren Agur Meabek, Arantxa Urretabizkaiak, Tere Irastortzak, Itxaro Bordak, Eider Rodriguezek eta Danele Sarriugartek osatzen dute Abaituaren argazkiekin "elkarrizketan" aritu diren idazleen zerrenda.

Testuak euskaraz sortuak dira berez; gerora, gaztelaniara eta ingelesera itzuli dituzte, publiko zabalagoarengana heldu ahal izateko. Argazkilari honen lanak testuak audiogidarekin entzuten diren bitartean ikustea da asmoa.

Egileari dagokionez, egindako argazkilaritza lanari esker, Abaituak bere tokia lortu du gure historian. Bere lanek begirada berezi bat islatzen dute, bere garaiaren adibide diren euskarrietan; gure iraganaz mintzo diren ilustrazio, ikuspegi eta eszenak dira.

Berebiziko aukera da emakume honen lana forma harrigarri eta desberdinean ezagutzeko. Berebiziko aukera, halaber, emakumezko euskal idazle hauen lan inspiratzailea aditzeko.

Bilboko Euskal Museoak eskerrak eman nahi dizkio Gernikako Euskal Herria Museoari, erakusketarekiko bere interesagatik.

Euskal Herria Museoaren 'Estereoskopiak 16+16' erakusketari buruzko informazio guztia hemen aurki daiteke: 

 

ERAKUSKETAREKIN LOTUTAKO JARDUERAK

 

Aurki iragarriko dira erakusketaren inguruan antolatuko diren jarduera guztiak