Berriak

BELDUR BARIK 2019 topaketaren aurkezpena Euskal Museoan

 

Azaroaren 23an Bilboko Azkuna Zentroan egingo den 2019ko Beldur Barik Topaketak amaiera emango dio urte osoan zehar gazteekin egindako lan guztiari.

Hamar urte betetzen dituen Beldur Barik lehiaketaren sariak banatuko dira ekitaldian. 2.200 neska- mutilek baino gehiagok parte hartu dute bertan.

Lehiaketara aurkeztu diren ia 300 lanen artean gai nagusiak ahalduntzea, rol eta estereotipoak eta emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean emandako erantzun kolektiboak izan dira


 

Gaur goizean Bilboko Euskal Museoan aurkeztu da 2019ko BELDUR BARIK gazteekin batera, indarkeria sexista prebenitzeko helburua duen urteroko programa. Emakundek bultzatzen du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien eta EUDEL-en babesarekin. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) eta EITBren laguntza du. Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendariarekin batera egon dira prentsaurrekoan Teresa Laespada, Bizkaiko  Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko Foru Diputatua; Nerea Melgosa, Arabako Foru Aldundiko Berdintasun eta Giza Eskubideen zuzendaria; Miren Elgarresta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun Zuzendaria; Josune Irabien, Amurrioko alkatea eta EUDELen ordezkaria; eta Bilboko Udaleko Berdintasun zinegotzia, Nekane Alonso.

2019ko Beldur Barik Topaketa Bilbon egingo da azaroaren 23an, larunbatean. Topaketaren jaiak amaiera emango dio, urte osoan zehar, euskal geografia osoan gazteekin garatutako lanari. Era berean, topaketan, aurten bere hamargarren edizioa beteko duen Beldur Barik Lehiaketaren sariak banatuko dira. Lehiaketa 12-26 urte bitarteko gazteei zuzentzen zaie. Sari-banaketan, ezberdintasun egoerei aurre egiteko errespetuan, berdintasunean, askatasunean, autonomian, erantzunkidetasunean eta indarkeria sexistaren ukapen irmoan oinarritutako jarreren ikus-entzunezko adierazpenak saritzen dira.

Edizio honetan 298 lan aurkeztu dira lehiaketara, 2.200 neska-mutil baino gehiago aritu dira sorkuntza lanetan. Lan horietako 12-13 urte bitarteko kategorian 45 lan aurkeztu dira; 189 lan 14 eta 18 urte bitarteako kategorian eta 64 lan 19 eta 26 urte bitarteko kategorian.

Indarkeria sexistak eragiten dituen desberdintasun faktoreen identifikazioa

Aurkeztutako lanetan ikusten da gazteek geroz eta hobeto identifikatzen dituztela indarkeria sexista eragin dezaketen desberdintasun faktoreak eta hauei aurre egiteko jarrera agertzen dutela.  Aurten aurkeztutako lanen artean gai nagusiak, nesken ahalduntzea, generoak markatutako rol eta estereotipoak eta emakumeen aurkako indarkeriaren aurreko erantzun kolektiboa izan dira.

Beldur Barik bultzatzen duten erakunde guztiek nabarmendu dute gazteekin indarkeria sexistaren prebentzioa lantzearen garrantzia. Nahiz eta gazteengan indarkeriak eragin handia izaten jarraitu, geroz eta tresna gehiago dituzte erasoak identifikatu ahal izateko. eldur Barik bezalako programek laguntza eskaintzen diete gazteei, indarkeria sexistaren identifikaziorako tresna tresnak eskura jarriz.  Gazteen jabekuntza eta indartze prozesuak errazten dituzte, eta, gainera, ezberdintasun eta indarkeria egoeren aurrean erantzuteko gaitasuna indartzen dute. Nesken ahalduntzea bultzatzen da eta era berean hausnarketa prozesu horiekin, mutilek egoera horietan duten protagonismoa eta ardura identifikatzen dute. Jarrera matxista betikotzen duen korporatibismo maskulinoari aurre egiten diete, indarkeria eragiten duenaren gaineko interpelazioaren beharra identifikatuz eta konplizitate eza agertuz. Mutil bezala dituzten pribilegioen birplanteamendu bat egiten dute eta neskekin aliantzak sortzen dituzte benetako berdintasun bat lortu eta indarkeria matxista gainditzeko.

 

Bilbo, Beldur Barik Hiria

Azaroaren 23an Bilboko Azkuna Zentroan egingo den Topaketan, tailer eta ikuskizun ugari antolatu dira. Herrietatik gerturatzeko doako autobus zerbitzua erraztuko da, hiru probintzietatik inolako arazorik gabe hurbildu eta bueltatu ahal izateko.

Honako hauek izango dira programatutako ekintzak:

  • 16:30 – 17:00 Harrera eta ongietorria
  • 17:00 - 19:00 Tailerrak: Irati García “Rompe con las dietas”; GOIAN Elkartea “Nire dantza, nire arauak”; JOKABIDE “Maite, indarkeriari buruzko istorio bat”; Queer Avengers “Cyber-activismo y la juventud”
  • 19:00 - 20:00 Photocalla eta mokadua
  • 20:00 - 21:00 Sari banaketa
  • 21:00 - 21:30 “La Basu”-ren kontzertua
  • 21:30 Topaketaren amaiera

 

Informazio gehiago:  www.beldurbarik.eus