Berriak

URMUGAk Bizkaian ibilbide emankorra izango du

 

Gaur goizean aurkeztu dute, Bilboko Euskal Museoan, URMUGA proiektua, uda honetan Euskal Herria Mendebaldetik ekialdera zeharkatuko duen mendi ibilaldi eta musika uztartzen dituena

 


 

Bertan izan dira Lorea Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara, Kultur eta Kirol diputatua eta proiektuaren sustatzaileak.

Zehazki, uztailaren 14an sartuko da Urmuga Bizkaira, eta, besteak beste, Urduña mendatea, Gorbeia, Barazar eta Dima mendateak igarota, uztailaren 19an utziko du Bizkaiko lurralde historikoa, herriz herri eta tontorrez tontor, abuztuaren 1ean Maulera iristeko. Bi izango dira egun horietan proiektuak Bizkaian eskainiko dituen kontzertuak.

Lehena Tologorrin (La Potana) izango da uztailaren 14an 13:00etan. Bertan ariko dira Et Incarnatus Hari Laukotea, Flavio Banterla, Maider Zabalegi, Xabi Zeberio (biolina) eta Amaia Elizaran (dantza).

Bigarren kontzertua Diman izango da, Baltzolako kobazulo inguruan, uztailaren 19an 18:00etan. Parte hartuko dutenak: Josu eta Gari (Hertzainak taldekoak), Maddi Oihenart, Miren Narbaiza “MICE”, Et Incarnatus Orkestra, Igor Elortza eta Unai Iturriaga, Gorka Benitez (saxoa), Itsaso Etxebeste (baxua), Juantxo Zeberio Etxetxipia (pianoa) eta Karlos Aranzegi (bateria).

Ibilaldian parte hartzeko nahiz kontzertuetarako sarrerak erreserbatzeko www.urmuga.eus helbidera jo behar da. Proiektuaren inguruko informazio guztia ere bertan aurkituko du interesa duenak.

Antolatzaileek adierazi dutenez, jende ugari ari da animatzen, eta Bizkaian ere erantzun ederra jasotzea espero dute.