Berriak

Euskal Museoak eta Berreginen Museoak bat egingo dute Museoen Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin, doako sarrerak emanez eta jarduera-programa bat antolatuz

 

Euskal Museoak “Berreskuratzea eta berrimajinatzea: Hezkuntza Zerbitzua agerian” hitzaldia emango du maiatzaren 18an (asteartea), 18:00etan

 

Bere aldetik, Berreginen Museoak “Artelana bere testuinguruan” hitzaldi-sortaren barruan, Museoen Nazioarteko Egunari dagokion edizio berezi bat antolatuko du maiatzaren 20an, 18:00etan, eta FIDIASen performance bat maiatzaren 29an, 12:30etan

 

Aurtengo helburuetako bat museoen alde egitea da, COVID-19aren aurreko susperraldiaren bultzatzaile gisa.

 

Jarduera guztiak doakoak dira. Bertara joateko, ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea, 94 415 02 31 telefonora deituta

 


 

Beste urte batez, Euskal Museoak eta Bilboko Berreginen Museoak Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko dute maiatzaren 18an. Kulturaren sektoreak COVID-19aren krisiaren eragina jasan duen honetan, museoak behartuta egon dira beren burua berrasmatzera eta jendearengana iristeko bide berriak bilatzera, edukiak digitalizatuz, besteak beste. Horregatik, oraingoan, egunaren izenburua “Museoen etorkizuna: berreskuratzea eta berrimajinatzea” izango da.

Hartara, 2021ean Museoen Nazioarteko Kontseiluak (ICOM) gonbidapena egin die museoei, bertako profesionalei eta komunitateei, balioa (elkarrekin) sortzeko jardunbide berriak, kultur erakundeentzako negozio-eredu berriak eta gaur egungo erronka sozial, ekonomiko eta ingurumenekoentzako irtenbide berritzaileak sortu, irudikatu eta parteka ditzaten.

Ideia horren ildotik, bai Euskal Museoak bai Berreginen Museoak jarduera-programa bat aurkeztea erabaki dute, urte oso berezi honetan Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko.

Bi erakundeak zabalik egongo dira maiatzaren 18an (asteartea), eta sarrera doakoa izango da. Gainera, egun horretan bertan, Euskal Museoak “Berreskuratzea eta berrimajinatzea: hezkuntza-zerbitzua agerian” hitzaldia emango du, 18:00etan. Giro lasaiko solasaldian, bi museoetako Hezkuntza Zerbitzuko profesionalek bertaratutakoekin batera jardungo dute, beren lana eta COVID-19aren krisiak kulturaren arloko guneetan izandako eragina azaltzeko.

Bestalde, Berreginen Museoak Artelana bere testuinguruan hitzaldi-sortaren barruan, Museoen Nazioarteko Egunari dagokion edizio berezi bat aurkeztuko du maiatzaren 20an (osteguna), 18:00etan, Itziar Martija teknikariaren eskutik. Ohiko data baino lehenago emango den berbaldi ospetsuak, oraingoan, eta beste urte batzuetan ez bezala, Berreginen Museoa aukeratu du Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko.

Baina, horrez gain, formatua ere aldatuko du. Izan ere, bertaratzen direnek aukera edukiko dute bisita batean parte hartzeko, zeinaren oinarria entzute aktiboa izango den; entzute inspiratzailea eta ideia-sareen, istorioen eta testuinguruen sortzailea, hitzaldi-ziklo horretan ohikoak direnetatik haragokoak.

Formatu berezi horretan, bertaratzen direnak taldeka jesarriko dira, talde bakoitza pieza bakar baten inguruan, pazientziaz eta xehetasunez egindako behaketa elikatzeko –apunteak edo bozetoak hartzea barne–, eta, aldi berean, hitzaldiaren ahozko xendra osatuko duten interkonexio-hariak entzun eta ikusteko aukera izateko. Soinuzko ideien hodei bat balitz bezala, hitzaldiak museoko lehenengo solairuan instalatutako eta Loturabako izeneko mikro-erakusketa batean bildutako zortzi berreginen zenbait alderdi jorratuko ditu. Bidaia bat, museo, material, botere-egarri, otoitz, kolore, narrazio eta artearen botere oroitarazletik abiatzen diren beste ideia askotan barrena.

Amaitzeko, Bilboko Berreginen Museoak, Integraziorako eta arteen bidezko garapen interpertsonalerako FIDIAS fundaziorekin elkarlanean, Reimaginar Lisistrata performancea aurkeztuko du. Fundazioko gazteek erakutsiko duten proiektu berrian, azken hilabeteetan erakunde bizkaitarrean egin duten lana ikusi ahal izango da.

Sarrera guztiak doakoak dira, eta parte hartzeko beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea, 94 415 02 32 telefono zenbakian.

 

Museoen Nazioarteko Kontseiluak (ICOM) 1977an sortu zuen Museoen Nazioarteko Eguna, ikusleak sentsibilizatzeko museoek gizartearen garapenean duten zereginaz. Ordutik hona, gero eta ospe handiagoa lortu du ekimenak: 2020an, formatu digitalean bakarrik aritzeak eragindako mugak gorabehera, #DIM2020-ren jarduerak 83.000 erabiltzailerengana baino gehiagorengana iritsi ziren sare sozialetan. Hori, maiatzaren 18an baino ez!

 

Museoen Nazioarteko Egunean, arretaz begiratzen zaie mundu osoko kultura-guneei. Halaxe gertatuko da Euskal Museoaren eta Bilboko Berreginen Museoaren kasuan ere. Berebiziko aukera da museoen helburu nagusien alde agertzeko. Gainera, jardunaldia baliatu behar da kulturaren aldeko apustua egiteko, COVID-19aren aurrean susperraldiaren bultzatzailea izan dadin, eta museoen etorkizuna eta gure gizarteetan izan behar duten zeregina berrirudikatzeko.

Aurten, inoiz ez bezala, kultura-forma guztiak zabaltzearen aldeko apustua egiteak pisuzko arrazoia izan behar du Euskal Museoak eta Bilboko Berreginen Museoak, Museoen Nazioarteko Eguna dela-eta, antolatutako jardunaldietan parte hartzeko.