Berriak

Euskal Museoak egungo erakusketa iraunkorra erakutsiko du azken aldiz ekainaren 14ra arte.

 

Bizkaiko erakundea osoko berrikuntza arkitektonikoa eta museografikoa egiten hastera doa, eta ekainaren 15etik aurrera klaustroa besterik ez du izango irekita.

Bertan izango da ikusgai, uztailaren 3tik aurrera, “Bilboko erraldoi eta buruhandiak” erakusketa.

Egoera honen ondorioz, ekainaren 15etik aurrera “Zeuk jarri prezioa” sistema eskaintzea erabaki du Museoak. Beraz, bisitari bakoitzak erabakiko du borondatez sarreraren prezioa.

Honen helburua da jendeak gaur egungo Euskal Museoaz gozatzea azken aldiz birmoldaketa lanak hasi aurretik, etorkizunean aldatu egingo baita.

 


 

Bilboko Euskal Museoak egungo erakusketa iraunkorra azken aldiz ikusteko aukera eskainiko du 2021eko ekainaren 2tik 14ra, Museoan dauden piezak kanpoko biltegira eramango baitira. Ekainaren 15etik aurrera, eta Antonio Vaíllo eta Juan Luis Irigaray arkitektoen eskutik osoko birmoldaketa lanak hasi arte, klaustroa besterik ezingo da ikusi, eta bertan egongo da “Bilboko erraldoiak eta buruhandiak” erakusketa uztailaren 3tik aurrera.

Aukera honen bidez, jendeak berriro ere, edo lehenengo aldiz, 50 urtetik gorako historia duen erakusketa iraunkorra eta eraikina ikusi ahal izango ditu gaur egun dauden bezala, obren ondoren aldatu egingo baitira. Museoak erabaki du ekainaren 15etik obrak hasi arte “Zeuk jarri prezioa” sistema ezartzea.

Hala, bisitari bakoitzak erabakiko du sarrera zenbat ordaindu. Museorako sarrera Unamuno plazako 4. zenbakian dagoen atetik egingo da.

Ekainaren 15ean, 1. eta 3. solairuen artean dauden erakusketa iraunkorreko aretoak publikoarentzako itxi egingo dira, lan-taldeek bilduma Bilbotik kanpoko biltegira eraman ahal izateko. Duela aste gutxi batzuk inauguratu da kanpoko biltegi hori. Aitzindaria izango da bildumen kudeaketan; 50.000 pieza baino gehiago egongo dira, eta 1.150 m2 ditu ingurumen parametroen kontrolarekin, ehunentzat eta obra grafikoarentzat gurpildun gordailu trinkoekin, neurgailu elektronikoekin, eta sistema hidrofugoa duen gela bat ere badu.

Nahi den azken xede hori lortzeko urrats bat gehiago da; izan ere, Euskal Museo berria nahi dugu, erakusketa iraunkor berritua eta protokolo museistiko berrienek araututako museografia dituena.

 

Euskal Museo berrirako bidea

Osoko berrikuntza museografikoa eta arkitektonikoa egiteko proiektua lantzen ari da erakundea azken urteetan. Zeregin handi horri esker, eguneratutako gunea izango dugu; 6.400 m2 baino gehiagoko azalera museistikoa, egungoa baino % 38 handiagoa.

Euskal Museoa urratsak ematen aritu da nazioarteko izaera nabarmena duen museoa eraikitzeko. 2016. eta 2018. urteen artean esku-hartzea egin zen Klaustroan, hau da, lurzorua berritu zen, aurrealdea garbitu eta beirazko estalki bat ezarri eraikinean integratuta, piezak hobeto kontserbatzeko.

Urte horretan bertan 5 milioi euroko inbertsioa egin zuten Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, Kurtze eraikina erosteko. Eraikin hori egungo museoaren ondoan dago, Gurutze kalean, eta gune museistiko-kultural bihurtzea da asmoa. Gaur egun, duela aste gutxi inauguratu zen kanpoko biltegia egokitu da, eta Museoko bildumaren zati handi bat han da, baldintza hobezinetan zainduta. 2020ko ekainean hasi ziren lan horiek, eta hurrengo asteetan amaituko dira. Pieza hauentzako aparteko gunea da, hobeto eta modu abangoardistagoan kudeatzeko egokia, eta, horren ondorioz, Zazpi Kaleetako eraikin nagusian toki gehiago izango da erabilera publikorako.

Bestalde, Bizkaiko erakundeak proiektu museografiko bat idatzi duenez lehiaketaren aurretik, nahiz proiektua nahiz museo berria Aretz Bizia kontzeptuarekin egingo dira. Plan horren arabera munduari irekitako gizarte-museoa izango da, birplanteamendu funtzionala eta museografikoa du xede, eta hor sartzen dira eraikinaren osoko birmoldaketa eta erakusketa-diskurtsoaren diseinu berria. Ondorioz, erakundeak diziplina anitzeko taldeak eskatu ditu proiektu hautagaiak jasotzerakoan.

Aretz kontzeptua egungo bildumako Aretz-zarra piezari egindako omenaldia da; aitzitik, Bizia hitza dinamismoari eta jarraipenari lotuta dago, eta fonetikoki Bizkaiari eta Bilbori lotuta ere bai. Metafora honen bidez helarazi nahi da museoa, euskal gizartea eta kultura haritza bezain organismo biziak direla, etengabe hazten ari direla eta herritar denok zeresan handia dugula hazkunde-prozesu horretan. Euskal Museoaren helburu nagusia euskal kultura hedatzea da, eta helburu hau gogoan dela urteko bisitari kopurua hirukoiztu egin nahi du erakundeak, 2023ko ehungarren urtemugaren ospakizunak sustatu eta Urteko Europar Museoa (EMYA) saria eskuratu, ateak ireki ondoren.

Lorpen horietarako guztietarako arduradunetako batzuk Antonio Vaíllo eta Juan Luis Irigaray arkitektoak izango dira, beraiek irabazi baitzuten erakundeak antolatutako ideien programa. Lehiaketara 9 hautagai aurkeztu ziren, eta 2020ko martxoan eman zuen irabazlearen berri epaimahai profesionalak.

Eko-nekta da irabazi zuen proposamenaren izena, eta arreta berezia jartzen du Euskal Museoaren kokaguneko balioak sustatzean. Horretarako, garrantzi berezia emango zaio jatorrizko eraikinari, eta XVII. mendeko eraikinaren luzetarako hormarte jarraitua berreskuratuko da, 1867ko Miserikordiako Errege Etxearen planoetan ikus daitekeen bezala. Aldi berean, Klaustroaren gune handiari duintasun are handiagoa ematen dio proiektuak, erakusketa-espazioaren benetako erdigune bihurtuz.

Bestalde, gune bakoitzak erakusketako “agertoki” desberdinak hartzea nahi da, narrazio-bukle bati jarraituz. Narrazioa aldatu egingo da, eta gune bakar batean hainbat kontakizun izango dira; horrek are espektazio handiagoa eragiten du bisitariarengan, gunea eta denbora eskutik doazela ikusten baitu, ez dela zerbait estatikoa, baizik eta murgildu egiten dela, eta elkarreragin egin dezakeela ikusten duenez, “aurkitzeko” jarrera aktiboa hartuko du bisitariak.

Gune bateko hainbat aldagai konbinatu daitezke: argitasuna, soinua, proiekzioak... hainbat narrazio eskainiz. Proposatzen den museografia honetan aldagaiak konbinatu egiten dira, eta bisitariak elkarreragin egiten du, mugimendu-zelulen bidez, osagarri interaktiboen bidez, etab.

Gaur egun, Vaíllo eta Irigaray arkitektura-estudioko diziplina anitzeko taldea behin betiko proiektuari azken ukituak ematen ari da, Euskal Museo berria egia bihurtzeko.

Alderdi arkitektonikoa eta museografikoa alde batera utzita, Museoak bide honetan eman duen azken urratsetako bat laginketa arkitektonikoa izan da; izan ere, eraikina presuntzio arkeologikoko eremuan dagoenez, beharrezkoa da hori egitea. Gainera, zeregin honen ardura duen talde arkeologikoa Museoan izango da obra osoan, jarraipen zehatza egin ahal izateko.

Bestalde, hurrengo hilabeteetan obra arkitektonikoa eta museistikoa lehiaketara lizitatzea aurreikusita dago.

Erakundearen birmoldaketa hasi eta instalazioak publikoari ireki ezingo zaizkion hilabeteetan Euskal Museoa “bizirik” mantenduko da. Horretarako, jarduera zenbait egingo du beste gune batzuetan eta presentzia digitala areagotuko du, gaur egun dituen ataletan.

 

Erakusketa iraunkorra

Euskal Museoko erakusketa iraunkorreko pieza giltzarriak hemen dituzu:

EUSKAL MUSEOA BILBAO MUSEO VASCO - Erakusketa Iraunkorra

 

Gaur egun bisitatu daitezkeen areto nabarmenenak:

Beheko solairua

Mikeldi, Kurutziagako gurutzearen erreprodukzioa eta "Victoria" zalgurdia.

Lehenengo solairua: Etnografia

Artzaintza, Euskaldunen itsasoa, Ehun-eskulangintza: Lihoa eta artilea.

Bigarren solairua: Zeramika eta burdinolak

Euskal zeramika herrikoia, euskal lozak eta portzelanak, eta burdinolak.