Berriak

_Bilboko Euskal Museoak bere mendeurrenean aurkeztu du Vaíllo-Irigaray eta JMASOC estudioek egindako behin betiko berrikuntza integralerako proiektua

 

Arkitektoekin batera, Bilboko alkate Juan Mari Aburto, Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Lorea Bilbao Ibarra eta Bizkaiko museoaren zuzendari Sorkunde Aiarza izan dira

Eko nekta proposamen arkitektoniko eta museografikoak esperientzien museo bat proposatzen du, atmosferetan murgiltzea oinarritzat hartuta.

Proiektuak "Aretz bizia" plan museologikoaren metafora hartzen duen diskurtso museografikoa jasotzen du.

Kanpotik, jarduerarik garrantzitsuenaren helburua da jatorrizko bolumetriak eta estalkiekin duten lotura berreskuratzea.

Herritarrek uztailaren 3tik aurrera ezagutu ahal izango dute, hari buruzko erakusketa batekin eta museoko halleko maketarekin.

 


 

Antonio Vaíllo eta Juan Luis Irigaray buru dituen arkitektura-taldeak, Jesús Moreno y Asociados estudioarekin batera, Bilboko Euskal Museo berria behin betiko osorik berritzeko proiektua aurkeztu du, Bilboko alkate Juan Mari Aburtorekin, Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Lorea Bilbao Ibarrarekin eta museoko zuzendari Sorkunde Aiarzarekin batera. Oso egun berezian egin du, 100 urte bete baitira Etnografia Museoa eta Arkeologia Museoa inauguratu zirenetik. 1921eko uztailaren 3an gertatu zen hori; une horretan, bi museoek espazio fisiko bera okupatzen zuten eta arduradun bera zuten, baina titulartasun desberdina zuten. Bi urte geroago aldatu zen hori, bi erakundeek bat egin baitzuten.

Eko nekta proposamen arkitektoniko eta museografiko bat da, eta esperientzien museo berri bat lortu nahi du, hainbat atmosferatan murgilduz.

Esku-hartze erabakigarria da munduari gure historia ezagutarazteko, euskal kultura-ondarea balioesteko, museoaren bildumaz herritarrek duten erabilera eta gozamena handitzeko, eta ondare-balioak zabaltzeko. Aldi berean, euskararen presentziari funtsezko papera ematen saiatuko gara, euskararen bilakaera eta bizitasuna ezagutarazten, bere biziberritze-prozesua erreferentea baita nazioartean; horrekin guztiarekin, kide izatearen eta etorkizunerako aukeren harrotasun-mezua proiektatu nahi da. Gizarte bat gara, tokian ondo errotutako kultura bat, baina adarrak munduari irekita dauzkana.

Museografiari dagokionez, proiektua bat dator museoak aldez aurretik egindako "Aretz bizia" plan museologikoaren diskurtsoarekin. Metafora horrek ekarriko du organismo biziaren kontzeptua bere garapen osoan, eta azken ondorioetaraino eramango du, bisitariak benetako esperientziatzat har dezan. Helburua, beraz, ez da kontakizuna "irakurtzea", baizik eta esperimentatzea, berritzaile eta, aldi berean, publiko guztientzat ulergarria den diskurtso batekin. Diskurtso horretan, museoaren bildumako funtsak duindu eta balioetsiko dira, museografiak eta arkitekturak bat egiten duten atmosfera desberdinak sortuz. Erakundeak abangoardiako museoa izan nahi du, iragana errespetatu eta behatzen duena, baina etorkizuna gogoan duena eta bere bildumako pieza bakoitza artelan paregabetzat hartzen duena.

Euskal Museo berriak 3 bolumen handi izango ditu, erakusketa-erabilera erdi-iraunkorrerako bereiziak:

 

MISERIKORDIA

Espazio honen beheko solairua aurkezpen-gutuna izango da, eta, bertan, lekua emango zaie euskarari, lurraldeari eta ondare antropologikoari –azken hori museoaren funtsetako pieza bitxi ikonikoek ordezkatuta–.

Arkitektonikoki, bolumen hustu handia izateagatik nabarmentzen da, azalpen-lengoaia berriekin eta puntako baliabideekin. Muturretako batean, murgiltze-atmosfera bat sortuko da, maketa multimedia handi bati esker, 4 metroko altuerako espazio horretako oihal edo hormetako batean proiektatuko baita. Hori guztia, bisitariari murgilaldi bat eskaintzeko euskal geografian.

Erdialdean eta harmailetan, bitrina-banku handi bat eta soinu-baliabideak lagungarri izango zaizkigu gure hizkuntza euskal ahotsen bidez ezagutzeko, etengabeko bilakaeran den aberastasuna eta izaera bizia balioetsiz.

Eremu honetako proposamena osatzeko, erakusketa-muntaia bat egingo da, haritz-baso bat simulatuko duena. Ikuslea bertan barneratu ahal izango da, euskal kulturarekin lotutako pieza ikonikoak ikusteko, Gernikako haritz zaharra buru dela.

Miserikordiaren barruan, beste altuera batean, proiektu arkitektonikoaren proposamenik berezienetako bat aurkituko dugu: haritzaren enborra simulatuko duen gela arina edo Aretz bizia. Zurezko estalkia izango du eta formatu handiko piezak izango ditu barruan, eskultura gisa erakusgai. Aldi berean, proiekzioak egingo dira, euskaldunak, haien hobetzeko nahia eta konpromisoa erakusteko, hemen eta diasporan, eta kutsu eszenografikoko espazio bereizi batean.

 

KLAUSTROA

Museoaren bihotza. Klaustroaren arkitektura gaur egun dagoen bezala errespetatuko da, museoaren erdigune historikoa den eraikinari duintasuna emanez. Paseatzeko moduko leku bat, bildumaren funts antropologikoak biltzen dituena. Bildumaren piezak gure eguneroko artelanen kategoriakoak dira, eta tradizioaren historia txiki batzuk kontatzen dizkiote bisitariari.

Hemen, proiektuaren beste irtenbide arkitektoniko bereizi bat planteatzen da: arku bikoitz bat sortzea, klaustroaren jatorrizko arkuak solairu guztietan erreplikatzeko, eta, horrela, arku-bitrina handiak sortzeko. Era horretan, bildumako piezak hainbat altueratan ikusi ahal izango dira, arte-erakusleihoak balira bezala, beti espazioko argi naturalaren pean.

Klaustro espazioak euskaldunek historian zehar egindako ahaleginaren balioa nabarmendu nahi du, beraien lana, baserria diskurtsoaren ardatz nagusi gisa hartuta, gure bizimodu tradizionalak, erlazionatzeko eta adierazteko moduak.

Gainera, areto erantsiak egongo dira, hainbat arlo jorratzeko, hala nola euskal janzkera herrikoia edo gure identitate politikoari buruzko hausnarketa-gune bat.

 

UNAMUNO

Leku honek erakutsiko du nola aldatu zen merkataritzako Bilbo, itsasadarraren inguruko lurralde industrial indartsu bat izan arte. Burdina beltzeko bolumen handi bat izango da aretoko buru, eta ikus-entzunezko maketa berri bat edukiko du, Bilboko kontsulatu zaharraren eta lehenengo siderurgien pieza ikonikoekin lagunduta, eta argazki-erakusketa handi batekin.

Eraikin horrekin bat egingo du Gastrolab delakoak, tailerrak egiteko eta sorkuntzarako gastronomia-laborategiak. Aldi baterako erakusketa-aretoak, bisitatzeko moduko biltegi batek edo jakintzarako eremu batek osatuko dute proposamena, besteak beste.

Alabaina, horiek ez dira izango Euskal Museo berriaren erakusketa-gune bakarrak. Beste gune batzuek aukera emango dute etorkizunera begiratzeko eta bilduma berrirudikatzeko, hala nola sormen eta berrikuntzarako "Kukulak".

 

Proiektua, 15 milioi euroko inbertsioarekin, irabazlea izan zen joan den martxoaren 9an, 9 proposamenen artean, epaimahai profesionalak eztabaidatu ondoren. Arkitektonikoki nabarmentzen da beste hainbat arrazoirengatik.

Kanpotik, jarduerarik garrantzitsuenaren helburua jatorrizko bolumetriak eta estalkiekiko lotura berreskuratzea da. Lotura hori egiteko, proiektuak beheko solairuko lotura indartuko du, patiotik joango den korridore handi argiztatu baten bidez, eta eraikin bakoitzaren komunikazio-guneak indartuko ditu, multzoaren bi zirkuitu nagusiak indartuz: museografikoa eta erabilera osagarriak garatzeko behar dena (Kurtzeko eraikin berri bir-funtzionalizatuan zentralizatuak). Asmoa da Euskal Museo berria osatuko duten eraikinak bateratzea, uniformetasun-sentsazioa emateko.

Ideiak planteatzen du Euskal Museo berrirako sarrera Gurutze kaletik egitea eta ikusgarritasun handiagoa ematea.

Barrualdeari dagokionez, berariaz nabarmentzen dira espazioen minimalismoa eta harrizko paramentu biluzien garbitasuna, bolumen handiak eta berreskuratutako argi naturala, argiztapen-proiektu zainduarekin batera, bai eta material nobleen konbinazioa (harria bera, zura eta altzairua) eta lehen aipatutako soluzio arinak ere, multzoari lengoaia bisual erreferentziala ematen diotenak.

Berrikuntza museografikoa eta arkitektonikoa batuta, Euskal Museoak euskal kulturara sartzeko nazioarteko atea izan nahi du, nortasun propio eta bereizlea duen proposamen baten bidez, izaera abangoardista nabarmenarekin, betiere, gure sustraiak errespetatuz.

 

Antonio Vaíllo+Juan Luis Irigaray eta taldea

Antonio Vaíllo (Bartzelona, 1960) eta Juan Luis Irigaray (Nafarroa, 1956) dira VAILLO+IRIGARAY estudioaren sortzaileak. Beren ibilbide luzean, hiri-, arkitektura-, kultura-, industria- eta arte-proiektuen diseinuaz, garapenaz eta ekoizpenaz arduratu dira. Besteak beste, Bilboko Athleticen Museoa, Sadar estadioa, Vigoko World Car Center, Israelgo Holy Land Museum eta Iruñeko Occidens Museum-ez arduratu dira.

Talde honek jasotako azken aitorpenen artean, COAVN Sariaren lehen postua dago, San Francisco Javier zentro psikogeriatrikoa birgaitzeagatik. Gainera, Vigoko World Car Center lehiaketako lehen postua lortu zuen. Ibilbide luzean aurrera jarraitu, eta Málagako Unibertsitateko Turismo Fakultateko lehiaketako lehen saria jaso zuen. Aurtengo sariek osatzen dute zerrenda: Qatarko Olinpiar eta Kirol Museoko lehiaketako saria eta BIMSA Kultur Zentroko eta Letren Etxeko lehiaketako saria.

Horiekin batera, diziplina anitzeko lantalde zabala dago, proiektu arkitektonikoez, diseinuaz, komunikazioaz eta ikus-entzunezkoez arduratzen dena. Taldekide guztiek elkarrekin lan egin dute aurreko lanetan, eta orain berriro egingo dute, proiektu oso bat eskaintzeko, arkitekturatik hasi eta Euskal Museo berriaren museografiaraino.

 

JMASOC

Jesús Moreno y Asociados museografia-estudiorik garrantzitsuenetako bat da Estatuan, eta horren lekuko dira ondare-bildumen proiektu museografikoen garapenean duen esperientzia handia (arkeologia, arte ederrak, etnografia...) eta proposatzen dituen erakusketa-lengoaia berriak, beti abangoardia teknologikoan.

Hainbat arlotako (diseinu grafikoa, diseinu industriala, interiorismoa, arkitektura eta artearen historia) profesionalen diziplina anitzeko talde batekin, 25 urte baino gehiago eman ditu instituzio publiko eta pribaturik garrantzitsuenekin lanean, eta 800 proiektu museografiko eta erakusketa-proiektu baino gehiago gauzatu ditu. Besteak beste, Prado Museo Nazionala, Biblioteka Nazionala, Irakurlearen Etxea, Thyssen-Bornemisza Museoa Fundazioa, Ondare Nazionala, Banco Santander Fundazioa, Mapfre Kultura Fundazioa, Alhambra eta Generalifeko Patronatua, Telefónica Fundazioa eta La Caixa Fundazioa daude horien artean.

Bestetik, honako lan hauek ditu abian: Isabel II.aren Kanaleko (Madril) aretoetan maiei eskainitako aldi baterako erakusketa handia eta Vila-secako Celler Noucentistaren musealizazioa, Molineteko Erromatar Foroaren Museoa (Cartagena), Piranesi Espazioa (Santander) eta Galería Jónica norteko eskultura-erakusketa iraunkorra (Prado Museo Nazionaleko Villanueva eraikineko 25. eta 26. aretoak).

 

Euskal Museo berrirako bidea

Museoak urteak daramatza lanean museografia- eta arkitektura-berrikuntza integralaren proiektuan. Lan zehatz horrek espazio eguneratua ekarriko du, 6.400 m2 baino gehiagoko museo-azalera, hau da, % 38ko hazkundea gaur egungoarekin alderatuta.

Une hori iritsi arte, Euskal Museoak urratsak eman ditu nazioarteko izaera nabarmena izango duen museo bat eraikitzeko. 2016tik 2018ra bitartean, klaustroa egokitzeko esku-hartze bat egin zen: zoladura berritu, fatxada garbitu eta kristalezko estalki bat jarri zen eraikinean, piezen kontserbazioa errazteko.

Gainera, urte horretan bertan 5 milioi euroko inbertsioa egin zuten Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, egungo museoaren ondoan dagoen Gurutze kaleko Kurtze eraikina erosteko, eta museo eta kulturarako espazio bihurtzeko. Duela aste gutxi publikoki inauguratu zen kanpoko biltegi baten egokitzapena; Museoaren bildumaren zati handi bat du barnean, kontserbazio-baldintza ezin hobeetan. Lan horiek 2020ko ekainean hasi ziren, eta hurrengo asteetan amaitu beharko dira. Espazio esklusiboa da, bide ematen baitu piezak modu hobean eta abangoardistan kudeatzeko, eta Bilboko Zazpikaleetako eraikin nagusian erabilera publikorako espazioa libre uzteko.

Bestalde, Bizkaiko instituzioak proiektu museografiko bat idazten jardun du lehiaketaren aurretik, eta, horren ondorioz, proiektua eta museo berria Aretz bizia kontzeptupean iritsi dira. Plan horren arabera, gizartearen museoa mundura zabalik dago, eta birplanteamendu funtzional eta museografikoa egitea du helburu, eraikinaren birmoldaketa integrala eta erakusketa-diskurtsoaren diseinu berria barne hartuta. Hori dela-eta, instituzioak diziplina anitzeko taldeak eskatu ditu proiektu hautagaiak jasotzeko orduan.

Ildo horretan, Aretz kontzeptua egungo bildumako Aretz-zarra piezari egindako omenaldia da, eta bizia izena, berriz, dinamismoaz eta jarraitutasun-zentzuaz ari da. Metafora horren bidez, aditzera eman nahi da museoa, gizartea bera eta euskal kultura, haritza bezala, etengabe hazten ari diren organismo biziak direla, eta herritar guztiek zeregin garrantzitsua dutela horretan.

Une honetan, Vaíllo eta Irigarayren arkitektura-estudioak osatutako diziplina anitzeko taldeak amaitu ditu Euskal Museo berria ekarriko duen behin betiko proiektuaren azken zertzeladak. Horiekin batera, JMASOC diseinu-estudioa lanean ari da museoaren museografia berria erabat zehazteko.

Arkitektura- eta museografia-arloetatik kanpo, museoak bide horretan eman duen azken pausoetako bat da arkeologia-lagin bat egitea eraikinaren zati batean, ustezko arkeologia-gune batean dagoelako. Gainera, lan horretaz arduratu den arkeologia-taldea museoan egongo da obra osoan zehar, jarraipen zehatza egiteko.

Bestalde, hurrengo hilabeteetan aurreikusita dago obra arkitektonikoa eta museografikoa lehiaketara lizitatzea.

Birmoldaketa hasten denean, Euskal Museoak "bizirik" jarraituko du instalazioak jendearentzat ireki ezin dituen hilabeteetan. Horretarako, hainbat jarduera egingo ditu beste gune batzuetan, eta presentzia digitala handituko du gaur egun dituen ataletan.

 

Euskal Museo berriaren proiektuari buruzko erakusketa

Euskal Museo berriaren maketa, behin betiko proiektuaren aurkezpen publikoan lehen aldiz ikusi ahal izan dena, pieza kutuna izango da Euskal Museoak lan arkitektoniko eta museografiko hau erakusteko prestatu duen erakusketan.

Erakusketa museoko hallean egongo da ikusgai, doan, uztailaren 3tik aurrera, eta proiektuaren inguruko informazioa, planoak eta infografiak izango ditu.

Gainera, maketa berria erakutsi ahal izateko, argi-kaxa handi bat sortu da, zeinak maketaren itzala proiektatuko duen eta Euskal Museo berrian egongo diren espazioak eta bolumenak ezagutzeko aukera emango duen. Gainera, museoaren asmoa da erakusketa hainbat espaziotan zehar ibiltzea, ikusleek proiektu honen berri bertatik bertara izan dezaten.