Hirugarren Solairua: Kondaira

Bizkaiko eredua

BIZKAIA, HIRU DIMENTSIOTAN. Maketa honek, 18 metro luze eta 11 metro zabal neurtzen du. Maketaren eskala bertikala (1:2500) ez dator bat horizontalarekin (1:5000), hain zuzen, erliebeak ikustarazteko eta erreferentzia berak aplikatzeak ekar lezakeen berdintze- efektua ekiditeko asmoz. Zurezko xafla bakoitza, 2mm-ko sestra-kurba bati dagokio, 5mko benetako altuerari. Ereduan bi zati bereizten dira; Bilbo Handia eskualdea (1962. urtean Antonio Gonzalezek, Mario Montorioren eta Pedro Eguiaren laguntzarekin egin zuena) eta Bizkaiko gainerako lurraldea (1962tik 1970era bitartean azken biek egin zutena). Bi zatien artean desitxuratzea ikusten da, erabilitako mapak handitzeagatik gertatu dena; horrek akatsak sortzen ditu muntaian, batez ere, Txorierriko mendikatean.

MATERIALAK. Lana osatzen duten hiruorgei moduloak egiteko, Kalaboko zurezko edo Amerikako kaobazko taula kontratxapatuak erabili ziren. La Aeronáutica enpresak (Zorrotzaurre – Bilbo) egin zituen.

ZENBAIT DATU HISTORIKO. 1970. urtean, Museoak maketa eskuratu zuenean, maketaren bi zatian muntatu ziren lehen aldiz. 2008. urtean maketaren zaharberritzeari ekitean, biratu egin da eta 1970. urteko mailaren azpitik jarri da, jendeak errazago eskura eta ikus dezan. Era berean, Urduñako moduluaren jarrera eta altuera pixka bat aldatu dira, Bizkaia osoari hurbiltzeko eta berezko kotaren gainetik igotzeko, begien aurrean hondoratua bezala gera ez dadin.


Deskarga ezazu "Bizkaia hiru dimentsiotan" aplikazioa

Eskuragarri Google Play-en Eskuragarri App Store-n


Kartografia Historikoa. XVI-XIX Mendeak

Kartografia mapak eraikitzeko artea eta zientzia da, eta mapak azalera lau batean egindako lurrazal puska baten irudikapenak. Paper, oihal edo harri gainean marraztutako mapak antzinatik egin izan dira, baina XIV. eta XV. mende inguruetan hasi zen kartografia modu zientifiko eta zorrotzago batean egiten. Inprenta asmatu zenean mapagintzak gorakada gogorra izan zuen, zeren ordutik aurrera posible izan baitzen mapak, ordura arte eskuz egiten zirenak, azkarrago eta kopuru handitan egitea.

Aurreneko mapagile eta mapa-inprimatzaile eskola nagusia XVI. mende erdialdera garatu zen Flandrian (egungo Belgikan eta Herbehereetan). Hantxe hasi ziren egiten mundu osoko Atlasak (lehenbizikoa Theatrum Orbis Terrarum izenekoa izan zen, Abraham Ortelius-ek 1570ean argitaratua) eta handik atera zen baita ere Mercator, askoren ustez kartografia modernoaren aita. Mercatorrek berrikuntza erabakigarri bat sartu zuen bere Atlas ospetsuan: bere izena daraman proiekzio zilindrikoa.
 
Bidaiariek edo editoreek hara-hona bidalitako korrespontsalek bertatik bertara egindako behaketa zuzenetan oinarriturik egiten ziren garai hartako mapak. Grabatzaileek behaketa horiek interpretatzen zituzten, xaflara eraman, grabatu, eta azkenik, dela enpresa editoreak berak edo dela editore lehiakideek milaka kopia egiten zituzten. Mapa horietan irudikapenaren zorroztasuna eta zehaztasuna baino nabarmenagoa da dekorazioa, kartela apaindu eta ederretan metatzen diren irudi fantastikoak, paisaiak, pertsonaiak, flora, fauna, itsasontziak, iparrorratzak, haize-arrosak...
 
Aurrerapen zientifiko-teknikoak eta Estatuen interesak zirela-medio (euren lurraldea hobeto ezagutu eta kontrolatzeko premia militar, politiko nahiz fiskalengatik), XVIII. mendetik aurrera kartografia gero eta doi eta zehatzagoak egin ziren, eskala handian eginiko mapa topografikozko orrietan oinarrituak, eta denek elkarren artean mapa nazional handiak osatzen zituzten. Frantzian Cassini-k ireki zion bidea joera berri horri, zeinari lotu zitzaien Espainian Tomas López (ez behar bezainbateko zorroztasunez), Tofiño (kartografia nautikoan) eta XIX. mendean Coello.
 
Desagertu ziren apaingarriak –haien lekuan datuak eta albiste estatistikoak sartu ziren--, sortu zen kartografia tematikoa (mapa geologikoak, fisikoak, klimatikoak, historikoak...), eta behin eta betiko finkaturik geratu ziren horrenbestez kartografia modernoaren oinarriak. Hala, XX. eta XXI. mendeetan jadanik kartografia modernoa lehen mailako instrumentu zientifiko bat zen.
 

Deskargatu: Kartografia Historikoa liburuxka


Tomás Lópezen Mapak

Tomás López (Madril, 1730-1802) Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kidea izan zen 1773tik. Bera izan zen espainiar lurraldearen lehenengo deskribapen kartografiko osoaren egilea, eta, bizirik zela, 200 mapa baino gehiago argitaratu zituen; hala ere, bere Atlas Geographico del Reyno de España lana ez zen 1804ra arte plazaratu, eta argitaratu bazen, haren seme-alaben bultzadari esker izan zen.

Tomás López “Kabineteko kartografia” delakoaren paradigma da; izan ere, bere mapak zeharkako iturri grafiko zein idatzizkoak erabiltzearen ondorioz sortu ziren, berak iturri horiek bildu, aukeratu eta sintetizatu egiten zituen eta. Ez zuen landa-lanik egiten eta ez zuen metodologia zientifikorik erabiltzen. Hori horrela, mapa, eskuizkribu eta argitaratutako liburuetatik ateratako informazioan oinarritzen zen, eta informazio hori osatzeko, “bertakoen memoriak” erabiltzen zituen, hau da, zenbait herritako abade eta agintari zibilei bidalitako galdera sorten emaitzak. Izan ere, interesgarria izan zitekeen guztiari buruzko datuak, deskribapenak, krokisak, planoak eta marrazkiak eskatzen zizkien pertsona horiei.

Hala ere, ekarpen handia egin zuen gure lurraldeen gaineko ezagutzari eta lurralde horien irudikapen kartografikoari dagokienez. Hain zuzen ere, Araba eta Bizkaiko herri mailako lehenengo mapak berak egin zituen, eta, kasu guztietan, hobekuntza nabarmenak egin zituen, toponimiaren kantitateari zein kalitateari dagokienez, bideei eta hidrografia sareari dagokienez... Gainera, orain arte ezagutzen ez ziren informazio osagarriak eman zituen mapekin batera agertzen diren testuetan.

 Atlasak arrakasta handia izan zuen, eta zenbait edizio izan zituen 1810, 1830 eta 1844an. Gainera, Lópezen mapak solte ere merkaturatu ziren, formatu tolesgarriko poltsikoko edizioetan.

 

Merkataritza

 

XI. mendean berpiztu egin zen hiri eta merkataritza munduan Europako mendebaldean, eta Euskal Herriko biztanlegunak ere parte hartu zuten berpizkunpe horretan. Halaxe da, XII. mendetik XIV. mende erdialdera arte, bideguntze garrantzitsuetan zeuden lekuak eta, batez ere, kostaldeko arrantzaguneak, urak eratzeko oinarri izan ziren.

Bilboko uria 1300. urtean sortu zen eta apurka apurka penintsularen eta Europako iparraldeko herrialde arteko itsas-merkataritzako gunerik garrantzitsuena bilakatu zen, izan ere, kokapen geografiko aproposa zeukan, Gaztelako Koroak abantaila fiskalak eskaintzen zizikion eta Bizkaiko Jaurreriko Foruek bermatutako merkataritza-askatasuna zegoen.

Bertako portuen bidez, gure untzioletan egindako eta pilotu eta kapitain euskaldun adituek gidatutako itasuntzietan, Gaztelako artilearen eta euskal burdinaren esportazioa bideratu zen Flandes, Inglaterra eta Frantziako produzio zentroetara.

Merkataritza hori XIV eta XV. medeetan garrantzia hartuz joan zen eta, ondorioz, Bilboko merkatari ta nabigatzaileak bildu egin ziren euren interesak defendatzeko; horrela Universidad de Capitanes, Maestres de Nao y Mercaderes de la Villa de Bilbao izeneko Ermandade edo Kofradia sortu zuten, urira heldu edo bertatik ateratzen zen merkataritza-trafiko guztia kontrolatu eta arautzeko.

Euskaldun merkatariek eta garraiolariek Europako iparraldean zuten indarraren eta garrantziaren erakusgarri dira zenbait erakunde, besteak beste, Brujasko Casa de Contratacion de Vizcaya, epaitegi, batzarleku eta transakzio komertzialak egiteko leku lez 1493.urtean sortua, edo Confrerie de la Contrataio, euskal eta gaztelar merkatariek Nantesen eratutako elkartea.

Bilboko hiria horrela, Europako merkaturako atea izan zen. Ehungintza-manufakturak ziren gehien komertzializatzen ziren gaiak, esate baterako, ohilak, zetak, eta mihiseak, baina kontsumorako ondasunak eta luxuzko gaiak ere komertzializatzen ziren artelanekin batera. Beraz, merkataritzak, modak, ideiak, estiloak eta artistak eta tailerrak trukatzeko ere balio izan du.

Horrela, XIV. mendetik aurrera Flandes eta Inglaterran egindako hainbat artelan heldu ziren Euskal Herrira: oholak tailak, triptikoak, pinturak, erliebeak, alabastroak…Halako hainbat lan daude, areto honetan daudenak bezalakoak, Euskal Herrira osoko eliza, komentu eta oinetxeetan. Sarritan artelan horiek merkaturatutako gaiak izaten ziren, baina beste askotan enkarguz egindako lanak izaten ziren, bai Flandesko edo Inglaterrako tailerren egindakoak bai bertan egindakoak, inguru honetan bizi ziren emigratutako atistek eratutako tailerretan. Horixe da Guiot de Beugrant-en kasua; 1535. urterako hainbat artelanen egilea izateaz gain, Bilboko Santiago elizako erretauluaren egilea ere badugu.

Bilboko Kontsulatua

Bilboko merkataritza-jarduera oparoa zen XVI. mendean, eta uriko merkatari eta nabigatzaileek Burgos hiriak egiten zion lehia zela eta, euren Kofradia zaharra sendotzeko beharizana ikusi zuten, eta Koroari arazo komertzialen gainean zeukan agintea eta juridikzioa barresteko eskatu zioten. Honela, Joana erreginak 1511. urteko ekainaren 22an emandako pribilegioaren bidez, Consulado, Casa de Contratación, Juzgado de los Hombres de Negocios de Mar y Tierra y Universidad de Bilbao eratu zuten.

Kontsulatuak hasiera batean uriko kontsejuaren egoitzetan egiten zituen batzarrak, baina laster izango zuen bere egoitza propioa Plaza Nagusian, San Antón elizaren ondo-ondoan. Eraikin hori XIX. mende amaieran bota zuten Erribera kalea zabaltzeko, hau da, gaur egun ezagutzen dugun moduan uzteko.

Kontsulatua uriko gobernua politiko eta ekonomikoari eta bertako ordenantzei lotuta zegoen, baina Priore batek eta Konsul bik zuzendutako epaitegi baten bidez eskumena zeukan merkatarien eta euren kide eta faktoreen arteko auziak eta eztabaidak erabakitzeko; era berean, merkatarien, negoziazioetan, erosketetan, salmentan, aldaketetan, aseguruetan, konpainien kontuetan, itsasuntzien pleitamenduetan, faktorietan eta beste gai batzuetan ere eskumenak zeuzkan – “de todos los pleitos y diferencias de entre los mercaderes y sus compañeros y factores, sobre las negociaciones de comercios, compras, ventas, cambios, seguros, cuentas de companies, afletamentos de naves, factorías y demás” (Bilboko Kontsulatuaren Ordenantzak, 1737.urtean). Kontsulatuaren arautegia ordenantzek osatzen zuten; arau horiek berrikusiz, egokituz eta hobetuz joan ziren, harik eta 1737. urteko ordenantzetara heldu arte, izan ere, kodifikatu ondoren, Itsasoko Merkataritza Zuzenbidearen oinarri izan ziren.

Kontsulatuaren ardurapekoa zen bideak egitea, kanaleko eta ibaiko obrak eta merkataritza-tratuak araupetzea (nola edo hala beronen eskumenekoa izan zitekeen guztian). Nabarmentzekoa dira Portugaleteko kaiako obrak 1540. urtean eta Jose Cranek Desertu eta Portugalete artean egindako ibaiaren bideratzea 1753-1758 bitartean; era berean, aipatzekoak dira Deustu eta Bilbao artean irekitako kaiak eta ubideak, eta Jaurerriko eta Uriko gobernuarekin elkarlanean sortutako Itsasketa eta Matematika Eskola, eta Bilbao eta Mesetaren artean Orduñatik egindako bidearen propiektu eta finantziazioa.

Priore eta Konsul karguak hautazkoak eta urterokoak ziren eta ez zuten berriro aukeratuak izateko aukerarik. Uztailaren 24an aukeratzen zituzten, Santiago, Kontsulatuaren zaindari, egunaren bezperan, eta akeratuak izan ondoren, kargudun berriek Etxeko gainontzeko ofizialak izendatzen zituen.

Hiru mende inguruan iraun zuen Kontsulatuak. XIX. mende hasieran, barruko eta kanpoko egoeraren odorioz, Bilboko merkataritza jarduerak atzera egin zuen eta, era berean, Espainak gero eta joera zentralistagoak zuenez, desagertu egin zen erakunde hori.

1829an Merkataritza Kodea aldarrikatu zen eta erakunde berri bi sortu ziren, Tribunal de Comercio eta Junta de Comercio deituak, eta kontsulatu ohiaren eskumeneak hartu zituzten, horrela amaitu zen erakunde ohoregarri honen historioa; dena dela zenbait urte geroago gaur egun oraindik bizirik dauden erakundeek hartu zituzten erakunde haren funtzio batzuk, Merkataritza Ganbara eta Bilboko Portuaren Agintaritzak, hain zuzen ere.

Deskargatu: Bilboko Kontsulatuaren Batzar-Gela liburuxka