Inauteria. Europako Erregea II

Inauteria. Europako Erregea II

2012(e)ko Urtarrilaren 20a - 2012(e)ko Martxoaren 4a

Carnival King of Europe - Inauteria, Europako erregea izeneko proiektua 2007. urtean hasi zen, San Michele all’Adigeko (Italia) Museo degli Usi e Costumi della Gente Trentinaren ekimenez. Lehen aldian (2007-2009), Frantzia, Kroazia, Bulgaria eta Mazedoniako museo garrantzitsu batzuek bat egin zuten ekimenarekin; eta, horren ondotik (2010-2012), Eslovenia, Errumania, Polonia eta Euskal Herriko museoak batu dira.Gaur egun, honako hauek hartzen dute parte proiektuan: Bilboko Euskal Museoa - Museo Vasco, Ljubljanako (Eslovenia) Slovenski Etnografski Muzej, Sibiuko (Errumania) Complexul Naţional Muzeal Astra, Varsoviako Państwowe Muzeum Etnograficzne w Warzawie, Zagrebeko (Kroazia) Etnografski Muzej Zagrab, Sofiako (Bulgaria) Ethnographic Institute and Museum, Bulgarian Academy of Sciences, Skopjeko (Mazedonia) Nacionalna Ustanova Muzej na Makedonija eta San Michele all’Adigeko (Italia) Museo degli Usi e Costumi della Gente Trentina, koordinatzaile gisa.

Inauteria Europan Europako inauteriaren sustraiak neguko herri-maskaraden espektro zabalean daude errotuta, negua baita errituen urtaro nagusia, uda-garaiaren aurrez aurre jarrita, nekazaritzako lanetarako sasoia baita uda. Hala, bada, Domu Santu egunean hasi eta martxora arte, arbasoak behin edo hainbat aldiz itzultzen dira, bizidunei bisita egitera, eta emankortasuna eta oparotasuna agintzera, mozorroa jarrita duten herriko gazteen itxurapean. Hortaz, gaur egun ere, Europako alderdi askotako herri batzuetan –Balkanetatik Iberiaraino, Alpeetatik eta Hasburgotarren Europatik Britainiar uharteetaraino–, arrastoa jarraitu ahal diogu erritu zahar bati, nekazaritzako konjuru zaharretan sorburua duen errituari. Carnival King of Europe proiektua erritu zahar horren aztarnen bila abiatu da kontinenteko bazter guztietara, eta aztarnak erkatu ditu, haien artean dauden antzekotasunik nabarmenak jasotzeko eta guztiok batera dituzten izendatzaile komunak interpretatu ahal izateko.

Maskaradaren aldiaren hasieran, deabruzko pertsonaia izugarri batzuk sartzen dira, larruz, joarez eta txilinez estalita. Antzinako izu-egoera bateko amesgaizto errepikatua irudikatzen dute. Horren ondotik, mitikoagoak diren pertsonaiak agertzen dira, dantzariak edo jauzilariak, zuriz jantzita, eta, sarritan, xingolez apaindutako txano garai puntazorrotz batez hornituta: pertsonaia hieratikoak dira horiek, apaiz- itxurakoak, eta zeremonia zehatz batean hartzen dute parte. Leku gehienetan, fartsa honetan datza: ezkontza baten ospakizunak antzezten dira, eta, horren ondoren, normalean, golde bat eramaten da arrastaka herriko plazatik.

Zeremonia bukatu ondoren, arauak hausten dituen maskaradako zatia irakurtzen da, inauteri-talde satiriko, nazkagarri eta lizunen laguntzaz. Amaieran, jendaurreko epaiketan, heriotza- zigorra emango diote inauteriari, edo bera irudikatzen duen lastozko pertsonaiari. Hala, pertsonaia hori zatikatu, lurperatu edo sutara bidaliko dute, eta igaro berria den maskaradaren kaleidoskopio handia berehala desagertuko da, sute garbitzaile handiko ke laino artean. Gidoi zehatz hori errepikatzen da betitik Europa osoan, aldaera txiki batzuekin. Azken batean,oraindik konpondu gabe dagoen benetako misterioa da etnologo eta historialarientzat.