Bizkaiko Entzutetsuen Galeria. Kirolariak, Artistak, Idazleak

Bizkaiko Entzutetsuen Galeria. Kirolariak, Artistak, Idazleak

2013(e)ko Azaroaren 14a - 2014(e)ko Martxoaren 16a

Bizkaiko Entzutetsuen Galeria pertsona ospetsu eta aipagarrien inguruan olioz egindako 239 erretratuz osatutako bilduma da. Pertsona horiek, hain zuzen ere, XIX. mendeko azken urteetako eta XX. mendearen lehen erdiko eguneroko bizitzan eta jarduera-esparru askotan nabarmendu ziren Bizkaian, eta, zehazki, Bilboko hiribilduan.

Galeria, Bilboko udalaren jabetzakoa eta museoan 1995etik gordailu gisa utzitakoa, 1950. urtearen inguruan sortu zen, José Antonio eta Luis de Lerchundi y Sirotich anaien proiektu pertsonal gisa; izan ere, lurraldeko museo ikonografiko moduko bat egiteko ideia izan zuten, etorkizuneko oroitzapenerako gordez bertako iraganik hurbilena, garai hartako gizon eta emakume nabarmenen irudien bitartez.

Galeria hainbat atal edo arlotan antolatzen zen: kalekumeak, kirolariak, gizon herrikoiak , artistak , idazleak, ospetsuak , ongileak, negozio-gizonak , eta goi-gailurrak, 2012ko abenduan Museoak lehenengo erakusketa aurkeztu zuen, kalekumeen eta gizon herrikoien erretratuekin. Orain, kulturaren munduarekin lotutako pertsonaien txanda da, hau da, jatorrian kirolari, artista eta idazleentzat pentsatu ziren atalak jasoko dira. Guztira 69 erretratu dira, baina beste bost bazeuden (Luis Ignacio Arana, Pedro Mac Mahon, Enrique de Ibarra, Juan Álvarez eta Klin-Klon). Azken horiek ez daude museoan, seguru asko Tavira Galerian egon ziren bitartean saldu zirelako, baina eskertuko genuke erretratuok non dauden jakinez gero jakinaren gainean jarriko bazenigute.

Erakusketan agertzen diren pertsonek jarduera-eremu zabal bat ordezkatzen dute eta, guztiek batera, kulturak eta kirolak hiribilduan izan zuten loraldiaren ikuspegi osoa eskaintzen digute. Ibilbide horretan zehar ikusi ahalko ditugu mendizaleak, boxeolariak, pilotariak, toreatzaileak, esploratzaileak, margolariak, eskultoreak, musikariak, abeslariak, aktoreak, poetak, eleberri-idazleak, historialariak, kazetariak..., batzuk oso ospetsuak, beste batzuk eremu oso zehatzetan ezagunak, baina horiek guztiak Bilbon XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran bizi izan zen susperraldi kulturaren lekuko eta protagonistak, neurri handi batean gaur egungo euskal bizitza kulturalaren erreferente diren erakundeetatik, mugimenduetatik eta pentsamendu-korronteetatik datozenak.

Kirolaren eremuan, oso errotuta zeuden kirolen (esaterako, pilota eta traineruak) modernizazioa eta arauketa ikustean gain, kirol-praktika berriak agertuko dira, besteak beste futbola, txirrindularitza edo tenisa, neurri handi batean Bizkaiko Atletismo Federazioarekin, Bilboko Kirol Klubarekin (Club Deportivo de Bilbao), eta, noski, Athletic bezalako elkarteekin lotuta. Euskal pintura izenekoa eta euskal antzerki lirikoa ere ikusgai egongo dira, horien egile eta sortzaileetako batzuen bidez. Era berean, Bilboko Koral Elkarteak, Sociedad Filármonica elkarteak edo Orkestra Sinfonikoak ere tartean izango ditugu, beren sustatzaileen bitartez. Erakusketa honetan ikusi ahalko dira, halaber, udalerri eta lurraldeetako gai historikoei buruzko azterlan eta ikerketak (ikuspegi anitzetatik); euskal literatura eta hizkuntza suspertu, kontserbatu eta hedatzeko kezka, aldizkari eta egunkarien sorrera Bilbon; edo kultura, politika eta aisialdiko elkarteen jaiotza (Sociedad Bilbaina, El Sitio, Real Sporting Club, Ateneo, Club Marítimo del Abra…), ekimen horiek guztiak bultzatu zituzten pertsonen eskutik.

Erretratuen bidez, pertsona horien lana ezagutu ahalko dugu. Hala ere, ez dugu ahaztuko beren alderdi pertsonala, 65 gizon eta 4 emakume horien inguru familiar eta sozialari buruzko datu, zehaztasun eta anekdota batzuk ere aurkeztuko baitira. Pertsona gehienak, gainera, gizartean aintzatetsi daude, kale, zentro edo erakunde desberdinetan ikus daitekeen bezala, geografia hurbil eta urrunean pertsona horien izena hartu baitute.

Beharbada harritu egingo zara pertsona batzuk ez aurkitzeaz, edota, alderantziz, ez aurkitzeaz. Museoa ez da izan hautaketaz arduratu dena. Galeria bere garaiko produktua eta bere garaiaren isla da. Eta, garai hartan, ideologiak merituak eta demerituak ezartzen zituen, eta horixe da, hain zuzen ere, hemen kontatu nahi dugun istorioan agertzen dena.

->LAGUNDU IEZAGUZU OBRAK NON DAUDEN AURKITZEN!

Jatorriz, “Bizkaiko Pertsona Ezagunen Galeria” 239 olio-erretratuz osatutako bilduma zen, XIX eta XX. mendeetako Bilboko eta Bizkaiko pertsonaia garrantzitsu eta ospetsuei buruzkoa. 1950. urtearen inguruan sortu zen, baina, 1970ean, Bilboko Udalak eskuratu zuen, eta, 25 urte geroago, Museoan utzi zen. Udalak eskuratu baino lehen, koadroak zenbait aldiz jarri ziren ikusgai, eta, ibilbide horretan, jatorrizko 18 erretratu esku pribatuetara joan ziren. Museoak non dauden jakin nahi du, eta, orain arte, horietako hiru aurkitu ditu. Zinez eskertuko genuke gainerako obrak aurkitzeko balioko lukeen edozein informazio; hain zuzen ere, hauek dira falta direnak: Lorito, Jodra, Begoñako Santua, Luis Ignacio Arana, Enrique de Ibarra, Pedro Mac-Mahon, Ochandiano “Chimbo”, Santiaguito, Juan Álvarez, Klin-Klon, Francisco Mac-Mahon y Jané, Luis Briñas, Ramón de la Sota y Llano, Jose María de Olabarri eta Ignacio Ituarte Solozabal.