EUSKAL HERRIA ETA FESTA

EUSKAL HERRIA ETA FESTA

2004(e)ko Irailaren 21a - 2004(e)ko Azaroaren 14a

Munduko lau hegaletan jaia gizakien arteko harremanak bideratzeko tresna baliotsu bat da, azpian sinbolo, iradokizun eta are probokazio sistema konplexu bat ezkutatzen duena, festaliarrek eurek ere askotan ikusten ez dutena.

Jaiaren munduari argazkilariaren begirada ezartzea zeregin zaila eta atsegingarria da aldi berean, bidea ematen baitugu jai-ospakizun bakoitzaren sentikera sakonago bat lortzeko, une bakoitza sarkorkiago bizitzeko eta, batez ere, geure buruaz ezagutza sakonagoa iristeko.

Nire lanbidearen eraginez Euskal Herriko jaien lorratzean hainbeste urte ibili ondoren, behin eta berriro izan dut aukera egutegiak markatutako ospakizun horien mundu berezian murgiltzeko. Hasieran nire helburua bilaketa etnografiko hutsa egitea zen, Euskal Herriko jai herrikoien erritu eta moldeak irudietan jasotzea.

Denborarekin, ordea, jaiari buruzko nire irakurketa konplexuagoa egin da eta, jaiaren azala zulaturik, saiatu naiz bilatzen harremanak imintzioetan, zentzu bat anabasan, eta berezitasunak gizakien mugimenduen antolakuntzan.

Ahalegin horren azken emaitza ezinbestez izan da gure jaietako erritu eta ospakizunen ikuspegi askotariko bezain konplexua.

Ikuspegi horrek berretsi egiten du, gainera, Juan Antonio Urbeltzen harako teoria ausart hura, zeinaren arabera zomorroak funtsezko elementuak baitira Euskal Herriko bizitza eta jaia egituratzerakoan.

Irudietan, bestalde, jaiak sorpresa, paradoxa, kontraste eta are probokazioak eskaintzen dizkigu. Horiek guztiak erakusketa honetan ia errituzko era batean antolatu ditut egutegiaren lerroari jarraituz.

Negua egun santuekin eta Inauteriekin lotuta ikusi ohi da. Garai horretantxe ospatzen dira jai erritualizatuenetariko batzuk, Urbeltzen arabera guztiek baitute helburu berbera: “Kaosa hezi eta haren mehatxua menderatu”.

Udaberriko solstizioarekin festa errenkada bati ematen zaio hasiera, eta ordena da horien guztien ardatza.

Gizarte batek, dela baserrikoak edo dela hirikoak, ez luke zentzurik festarik gabe. Jaietan adierazten den talde-espirituan gauzatzen eta begietaratzen dira ongienik gizarte baten ezaugarri eta irudi jatorrenak.

Urbeltzen arabera, Neolitiko garaitik heldu zaizkigun zenbait festatan komunitatea aldiro “sortu” eta berritzeko grina bat antzematen da oraindik ere.

Egutegiaren azken aldean biltzen ditut San Migeletik Errosarioko Ama Birjinaren egunera arteko ospakizunak, hasierara garamatzan zirkulu bat zarratuz.

Izan ere, horixe besterik ez baita bizitza: etengabe errepikatzen den gertakari segida bat.

Santiago Yaniz Aramendia.