Aloria eta erromatarkuntza Arabako Kantaurialdeko haranetan

Aloria eta erromatarkuntza Arabako Kantaurialdeko haranetan

2002(e)ko Abenduaren 17a - 2003(e)ko Urriaren 12a

ALORIA (Aloria. Amurrio) Aloriako aztarnategian 1989 eta 1999 bitartean egin ziren indusketak, 1.450 metro karratuko azalera batean gutxi gorabehera. Multzoaren hasierako hedaduraren zati bat da bakarrik. Ibai-sapalda zabal batean dago, Orduñako haranaren natura ingurunean, Arabako eta Bizkaiko probintzien arteko mugan.

Leku hori aukeratu izanak, ia laua den eremu batean, nekazaritza eta abeltzaintza baliabideak batera ustiatzeko eskaintzen zituen baldintza egokiekin izan zuen zerikusirik, indusketan egindako aurkikundeen izaerak eta agerian utzitako esparruen funtzionaltasunak berak aditzera ematen duenez.
Erromatarren garaiko okupazioa K.a. 100 eta K.o. 450 urteen artean koka daiteke gutxi gorabehera. Urte horien ondoren, egiaztaturik dago toki honetan badaezpadako habitat txiki batek Erdi Aroa arte iraun zuela.

ERAIKUNTZA EGITURAK

Aztarnategiaren okupazio egonkor baten agiri zaharrena K.a. II-I mendeetakoa da. Ziur dakigu momentu horretan, gutxienez, oinplano obaleko estola-hondo bat eta zenbait horma daudela Inperioaren garaiko erromatar eraikuntzen oinarrien azpian.

Lehenengo egitura horiekin loturiko zeramikak eta metalezko gauzak bigarren Burdin Aroko kultura materialaren ezaugarriekin bat datoz; aro honek, aldaketa gutxirekin, Arabako lurraldeko eremu honetako bertoko gizataldeak bete-betean erromatar Inperioaren barruan gertatu arte iraun zuen.

K.o. I. Mendearen azken laurdenean koka dezakegun une batean, aztarnategiak eraldaketa sakona jasan zuen. Garai hartan, trazadura ortogonaleko barrundegi multzo bat eraikitzen hasi zen. Multzo horrek, geroko eraldaketa eta eranskinekin, ekoizpen lanetarako nekazari tankerako finkamendu bat sorrarazi zuen. Denetara dozena bat esparru identifikatu dira, oinplano angeluzuzenekoak gehienbat, harribilez eta harri-kozkorrez zolatutako bide baten inguruan eratuak. Bide honetatik, finkamenduaren atal honen osagai nagusia dirudien tokira sartzen zen: zati batean estalitako abeletxe bat eta ondoan dagoen biltokia, abereentzako janaria gordetzekoa, daitekeenez. Eraikuntza multzoa hainbat drenatzezangak mugatzen zuten; horiek euri-uraren eta inguruetatik isurtzen ziren erreketatik etorritako uraren hustubidea ziren.

Esparruak eraikitzeko, osagai nagusi moduan harria, buztina eta egurra bateratzen zituen teknika bat erabili zen. Harria zokaloetan erabiltzen zen. Hauek, jatorrian, 56-60 cm inguruko altuetararaino heltzen ziren, karehaitzezko harlangaitzez egindako ilarekin. Horien gainean, pezo eta adobazko hormak altxatzen ziren, batzuetan egurrezko zutoinekin indartuta.

Egurrezko zutoinek, normalean esparru bakoitzaren erdiguneko ardatzetan jarrita, euskarria eskaintzen zieten estalki edo teilatuei. Hauek material suntsikorrez eginak ziren, kare-haitzezko hartxabal handiekin indartuta. Estalki gehienak bi isurikoak ziren.

EKONOMIA JARDUERAK

Behin betiko itxuraketan, K.o. II.mendearen erdialdean, Aloriako aztarnategiak nekazari finkamendu trinko baten eitea zeukan. Bertan, barrualderantz irekitako bi abeletxe handiak gailentzen ziren, eta hauen alboetan zerbitzubiltoki batzuk zeuden. Aldi honi dagozkion maila arkeologikoetan aurkitutako hezur aztarna ugariak azterturik, esan daiteke abeletxeetako aziendak gehienbat idiak eta behiak zirela. Bestelako abereak ere izan zirela dokumentatu da: zaldiak - bi hezurdura jarrera anatomikoan eta hirugarren baten zatiak-, ardiak, ahuntzak eta txerriak. Abeltzaintza, beraz, toki honetan egiten ziren jarduera garrantzitsuenetako bat zen. Bertan ibiltzen zen jendeak, gainera, beste ekoizpen lan batzuk ere egiten zituen, hala nola burdina lantzea. Burdina, seguraski, erdi landurik heltzen zen leku honetara. Aztarnategian aurkitutako esparruen artean, helburu horretarako balio izan zuten bi daude. Horien barruan, burdin zepa ugari aurkitu da, ondoan zerbait sutondo eta metala fintzeko atondutako labe txikiak daudelarik. Daitekeena da aztarnategian aurkitutako burdinazko tresna eta gauzetako batzuk, gutxienez, in situ landu izana. Nekazaritza jarduerak, bere aldetik, tresnetan (laboreak ehotzeko harrizko esku-errotak) eta ateratako lur laginetan identifikatutako hazi eta polenetan gelditu dira islaturik erregistro arkeologikoan.

Alorian dokumentaturiko jarduera motak, esparruen helburuak, bete-betean funtzionalak, eta finkamenduaren gune nagusiaren trazadura bateratuak berak, erromatar villa rustica bat izan zela iradokitzen dute. Multzoaren etxebizitza- aldea edo habitata egongo litzateke oraindik induskatzeko, aztarnategiaren atal arakatugabeetakoren batean gorderik.

KULTURA MATERIALA

Aloriako indusketetan, okupazio aldian galdutako edo amortizatutako gauza multzo ugaria berreskuratu da. Gehienbat bi alditakoak dira: Goi Inperioa - aurretik deskribatutako esparruen erabilerari dagokiona eta Behe-Inperioa (IV. eta V. mendeak). Azken hau, aldi batez bazter utzi ondoren berriro okupatutako eremu txikiago batean aurkitzen da ordezkaturik. Honako hauek osatzen dute multzoa: terra sigillata hispaniarrezko zeramika puskak. Ebroko haranetik etorriak, jatorria eskualde honetan duen zeramika arrunta, metalezko gauzak - gehienak burdinazkoak (nekazaritzako eta zurgintzako tresnak, burdineriak) eta brontzezkoak (gerriko-belarriak eta apaindura pertsonalak)- hezurkizko orratzak eta harriz egindako tresnak (errotak, balantza-pisuak eta zorrozgailuak). Baita ere, txanpon kopuru garrantzitsua aurkitu da; horien artean, sestertzioz eta denarioz osaturiko bi gordailu edo multzo itxi, K.o. II. mendearen erdialdearen eta III. mendearen hasieraren artean galduak. Horrek guztiak aditzera ematen digu leku honetako biztanleak neurri handi batean erromatar populazio probintzialen bereizgarriak diren kultura elementuetan partaide zirela. Ez dirudi beraietan nabarmentzen diren gizarte-berezitasunak edo ingurunean nagusi zen economía jarduera - abeltzaintza, alegia - elementu horiek ereganatzeko eragozpez handia izan zirenik.

ERROMATARKUNTZAREN AGIRI ARKEOLOGIKOAK ARABAKO IPAR ALDEAN

Aloria, gaur egun, Arabako Kantaurialdean hedaduran induskatutako erromatar aztarnategi bakarra da. Hala ere, ez da ezagutzen den bakarra. Orduñako eta Aiarako haranetako gaur egungo herrietan egindako aurkikunde bakanek adierazten dute haietako asko Antzinatean jadanik habitaturik zeudela. Aztarna horien izaera askotarikoa da oso. Sarrienik aurkitzen dena, kontrol arkeologikorik izan ez duten eraikuntza aztarnekin loturiko zeramika da. Beste kasu batzuetan, hala nola Artzeniegako Encina-ko santutegian, informazio hori indusketa bidez lortu da.

Aztarnen barruan, sail berezi bat - eskaintzen duen informazio mailagatik berezia - erromatar epigrafeek osatzen dute. Arabako ipar aldean horien ale batzuk gordetzen dira. Haien kopurua eskasa da - lurraldeko beste eskualdeetan topatzen ditugunekin alderaturik - baina historia aldetik ezpairik gabeko interesa dute. Laudion aurkitutako Liciniaren hilarriaren kasua da, erromatar Inperioaren garaian familiaz gaindiko bertoko antolakera batek irauten zuela egiaztatzeko modua ematen baitigu. Horrelako informazioak, erregistro arkeologikotik beretik sortzen denarekin batera, Euskal Herriko Kantaurialdeko erromatarkuntzaren norainokoa eta berezitasunak geroz eta hobeto ezagutzeko bide ematen digu.