Ana Frank. Gaurko historia bat

Ana Frank. Gaurko historia bat

2003(e)ko Urtarrilaren 14a - 2003(e)ko Otsailaren 16a

Bilboko Euskal Museoak Bigarren Mundu Gerrako garaira atzera egin eta denboran barrena bidaiatzeko aukera eskaintzen dizu, Ana Frank-en egunkariaren eta bere istorioaren eskutik.

Bilboko Euskal Museoaren, Amsterdamgo (Herbehereak) Ana Frank Fundazioaren eta Abertzaletasunaren Museoaren lankidetzari esker antolatu da erakusketa. Urtarrilaren 14tik aurrera egongo da ikusgai.

1942ko uztailaren 6an, Ana Frank eta bere familia Amsterdamgo “atzealdeko etxean” ezkutatu ziren nazien jazarpenetik babesteko, eta hantxe geratu ziren beste lau lagunekin, harik eta 1944ko abuztuaren 4an atxilotu eta kontzentrazio-esparruetara eraman zituzten arte. Anak hamahiru urte zituen bizimodua goitik behera aldatu zitzaionean eta egunkarian aurkitu zuen ihesbide bakarra, hartara, “Kitty” bere lagun minari kontatzen zizkion bere inguruko gorabehera guztiak.

Ana Frank 1945eko martxoan hil zen Bergen-Belsen kontzentrazio-esparruan. Aliatuak 1945eko apirilean sartu ziren Bergen-Belsenen.

Otto Frank -Anaren aita- izan zen gerratik bizirik atera zen bakarra eta ezkutatzen lagundu ziotenen eskutik jaso zuen alabaren egunkaria. 1947an argitaratu zen lehenbizi eta Bigarren Mundu Gerrako istoriorik hunkigarrienetakoa izatera iritsi zen. Berrogeita hamabost hizkuntzatara itzuli da.

Ana Frank-en etxea museo txiki bihurtu zen 1960an eta urteak igaro ahala handitu egin da, Amsterdamgo paisaiaren elementu enblematiko izateraino.

Erakusketak 250 irudi eskaintzen ditu kronologikoki ordenaturik, eta aldi historiko hau errepasatzen du helburu didaktiko argi bat izanik: “ez dugu inori leziorik emateko asmorik, kontrara, guztion kontzientziak inarrosi eta besteen larruan ipini nahi dugu” (Jan Erik Dubbleman, Ana Frank Fundazioaren zuzendaria)

Erakusketa honen helburua da errealitatean sakontzea, Bigarren Mundu Gerraz geroztik ez baitugu gauza handirik aurreratu giza eskubideen errespetuari dagokionez; horrexegatik, hain zuzen, Euskal Museoari oso interesgarri iruditu zaio “Ana Frank. Gaurko historia bat” erakusketa aurkeztea.