FRIVOLITÉ: XVIII. mendeko jantziak. San Telmo Museoaren bilduma

FRIVOLITÉ: XVIII. mendeko jantziak. San Telmo Museoaren bilduma

2017(e)ko Ekainaren 24a - 2018(e)ko Urtarrilaren 28a

 
FRIVOLITÉ
XVIII. mendeko jantziak
 
 
Paseo bat garai konplexu, dotore, gehiegizko, xalo, exotiko, sentsual eta fribolo
bateko gustuetan zehar. Burua galtzeko moduko erakusketa.
 
 
 
San Telmo Museoko XVIII. mendeko jantzien bildumaren ezaugarri behinena da sorta zabala eta askotarikoa eskaintzen duela espezializatu gabeko museoetan aurkitzen zailak diren jantzietan. Gehienak goi-gizarteari dagozkio, eta batzuk nabarmenak dira ehunen eta broderien kalitate bikainarengatik. Ezaugarri horiei esker, suma daiteke gortesauen gizatalde atsegin, fin, exotiko eta sentsual haren “frivolité” nabarmena.
 
Hala ere, denboraren joanak kutsua utzi du jantziotan; izan ere, maiz kontu handiz konpontzen ziren moda berrietara egokitzeko. Hain zuzen ere, zenbait datuk adierazten dute “birziklatu” egin zirela gerora mozorro-jantzi, antzerkiko arropa edo eliz apaindura gisa erabiltzeko.
 
Jantzi historiko hauek hain hauskorrak eta urra-errazak izanik, begi-bistakoa da zaharberritze-lanak beharrezko direla eta kontserbatzeko neurri egokiak hartu behar direla iraungo badute.

 

SANTIAGO ARCOS UGALDE (Santiago de Chile, 1852- Donostia, 1912) 

Santiago Arcos margolari txiletar bat izan zen, bizitzako azken urteak Donostia, Urruña eta Hernani artean eman zituena; Parisko École des Beaux Arts-en jaso zuen lehen prestakuntza akademikoa, eta Léon Bonnat margolariaren tailerrean gero; horrez gainera, Raimundo Madrazo margolari ospetsuak zuzentzen zuen lantegian ere ibili ohi zen. Erretratugile ona zen, eta kostunbrismoaren generoa hautatu zuen, baina jardun zuen gai erlijioso
eta historikoetan ere, eta bere garaiko idazle frantses askoren liburuak ilustratu zituen. Aita hil zitzaionean, 1874an, dirutza handia jaso zuen oinordetzan. XX. mendeko 40ko hamarraldian, haren emazteak, Concepción Cuadra y Viterik, garaiko 21 jantzi eman zizkion dohaintzan San Telmo Museoari senarraren izenean; egun, erakusketa honen parte dira. Haren inguruan egindako dokumentazio-lanak zenbait hipotesi sortu ditu ikertzaileen artean, margolariak bilduma honetaz jabetzeko izan zitzakeen arrazoiez. Diruz ondo zebiltzan margolariak –eta horietako bat zen Santiago Arcos– genero kostunbristan aritzen baziren, maiz erosi ohi zituzten antigoaleko zerak, apaingarriak eta antzinako jantziak, margolanetarako modeloak haiekin janzteko. Gainera, zuen gizarte-mailari esker, aktiboki parte hartu zuen antzinako jantzien dantzaldiak antolatzen; halakoek arrakasta eta oihartzun handia izaten baitzuten garaiko eliteen artean. Gizarteekitaldi hartan, jantzia izaten zen ikuskizunaren gune, eta haren osaeran asmatzeak gorespen handiak ekarri ohi zituen, eta ez asmatzeak, berriz, kritikarik latzenak. Baliteke Santiago Arcosek Parisko Virginie Déjazet Antzokian erosi izana jantzi hau. V. Déjazet izena ageri da jaka batean; izen hori antzokiaren jabe zen XIX. mendeko aktore famatu bati dagokio, eta baliteke margolariak Santiago Arcosek harremanak izatea harekin gaztetan.
 
 
 
 
 
VIRGINIE DÉ JAZET (1798-1875)
 
Jantzi honek hitz hauek ditu idatzita: THE[ât]re V. Déjazet. Hitzon atzean, Parisko aktore ospetsu baten historia ezkutatzen da. Virginie Déjazet Parisen jaio zen 1798an, eta zenbait antzokitan jardun zuen, harik eta Palais Royal-era iritsi zen arte. Ospe eta sona handia bildu zuen han. Trebetasun berezia zuen mozorrotzeko, batez ere gizonez, eta aise mugitzen zen hala jantzita. Ez zen batere otzana, eta oso atxikia zen gutxien zeukatenei; barre egiten zien miresleen losintxei, eta Alexandre Dumasek berak ere ezin izan zuen konbentzitu Kameliadun daman protagonista izan zedin. Arrakastarik handiena «La Lisette de Béranger» maite-kantari esker lortu zuen; Frédéric Bérat-ek konposatutako kanta hura buruz kantatzen zuten Parisko gazteek. Bellevillen hil zen, 1875ean. Parisko Virginie Déjazet Antzokiak iraunarazi du haren izenaren oroitzapena.

 

BURUA GALTZEKO MODUKO MODA BAT
 
ZETA
 
Luis XV.a tronuratu ondoren, zeta bihurtu zen ehunik erabiliena frantses erako jantziak egiteko. Oso ospetsu bihurtu ziren Lyonen barreiatutako milaka eta milaka ehundegietan egiten zirenak, kalitate handia zutelako, eta zetazko jantzi italiarrak ordeztu zituzten, aurreko mendera arte merkatuan nagusi izandakoak. Zeta bilbe-irazkiak ehunduz egiten da, eta zenbait faktorek –hariaren lodierak, bihurdurak eta ehungailuan gurutzatzeko erakerabakitzen dute zer-nolako zeta-oihala sortuko den: tafeta, satina, brokatua, damaskoa…
 
FANTASIAZKO TXUPAK
 
Brodalana jantzi askotan ageri zen, hala gizonezkoen nola emakumeen jantzietan. Jantziak edertzeaz gainera, brodalanak hainbat ekitaldi politiko, sozial eta artistikoren oroigarri eta adierazle izaten hasi ziren, bai eta bidaietarako, maitasunerako edo exotismorako zaletasuna erakusten ere. Horrela 1786an Figaroren ezkontzak edo Rikardo Lehoi
Bihotz komedia txalotuenen irudiak zituzten txupak erostea modan jarri zen. Diseinuen ugariak esaten digu gizonezkoen artean oso hedatuta zegoela ohitura bat, jaka abagunearen arabera aukeratu eta erabiltzekoa.
 
KOLOREA
 
Koloreak unean uneko modaren arabera agertzen eta desagertzen ziren. Rococo fineko pastel koloreen ordez, beste batzuk agertu ziren, hasi granatetik eta arrexka, ia moreraino, zeinari “arkakuso kolore” hasi baitzitzaizkion deitzen. Parisen egundoko karraldia sortu zen modako koloreei izenik bitxienak jartzeko; esate baterako, horiaren eta berdearen ñabardurak bereizteko, “sukaldeko zurrutarria”, “kaleko zaborra”, “Londresko kea”, “ninfa zangoa”, “tximu pozoitua”, “espainiar gaixoa”, “lagun tristea”, “arkakuso sukartsua” eta gisa horretako esamoldeak erabiltzen ziren.
 
SEDUKZIO MALTZURRA
 
Balearen bizarrak materialik preziatuena bihurtu ziren kortseak egiteko, malguak, hauskaitzak eta iraunekoak zirelako. Emakumeek umetatik erabiltzen zuten kortsea, gau eta egun, garai hartako sendagileek auzitan jartzeraino – alferrik, hala ere–, ondorio kaltegarriak zituela eta. Filosofoek –tartean, Rousseauk– kritikatu egin zuten hura erabiltzea; batere arrakastarik gabe haiek ere. “Ez da atsegina emakume bat bitan ebakita ikustea, liztor baten antzo: harrigarria da, eta min ematen dio irudimenari. Gerriaren fintasunak, gauza guztiek bezala, bere proportzioak ditu, bere neurria (…) Gehiegi estuturik eta naturarentzat oztopo denean, gustu txarrekoa da”.*

* Jean Jacques Roussau. Émile ou De l’éducation.