San Juan Elejaberrikoaren Triptikoa dohaintzan eman zaio Museoari
Museoak dohaintzan jaso du San Juan Porta Latinan izeneko ermitakoa zen triptiko polikromatua; ermita Abandoko elizatean zegoen, Elejaberri auzoan, Basurtutik gertu.
Erdiko taulak Gurutziltzaketa irudikatzen du, eta 1597. urtean datatutako alboko taulek, berriz, 1551. ezkondu ziren Pedro de Novia y Castillo eta Marina Usso de Uribarriren erretratuak. Hain zuzen ere, aipatutako bi horiek izan ziren Noviaren Lotura eta Maiorazkoaren sortzaileak, Lope García de Meñaca eskribauaren aurrean 1590eko maiatzaren 29an Bilbon emandako eskrituraren arabera. Noviaren leinuak Noviaren Dorrean ditu sustraiak, eta, hain zuzen ere, baseliza dorre horri lotuta zegoen. Dorrea XVII. mendean desagertu zen, eta baseliza 1944. urtera arte egon zen zutik, gutxi gorabehera. XVIII. mendean, jatorrizko dorrea desagertu ostean, familiak jauregitxo bat eraiki zuen finka handi batekin; gerora, XX. mendean, Erakustazoka egon zen lursail haietan. Maiorazkoaren sortzaileak, Pedro de Novia y Castillo erretratatuak, Basurtun zeukan etxea, baina Bilboko Hiribildura joan zen bizitzera, familiak Barrenkale Barrenaren eta Erriberaren arteko izkinan zeukan dorretxera (I. Karlistaldian erre zuten). Horri esker, modu aktiboan hartu ahal izan zuen parte Bilboko bizitza politikoan: Hiribilduko alkatea izan zen 1577an, erregidorea 1583an, Kontsulatuko magistratua hainbat aldiz, diputatua 1565, 1569, 1571, 1575 eta 1592an, eta fiela 1572 eta 1594an. 1621ean, bere ilobetako bat, Ana María de Novia y Avendaño, Juan de Salzedo Aranguren y Achuriagarekin ezkondu zen, eta, ondorioz, Novia de Salcedo leinua sortu zen. Hain zuzen ere, leinu horretako kide izan ziren Bilboko eta Bizkaiko bizitzako eta historiako pertsonaia esanguratsu asko; besteak beste, bat nabarmentzearren, Pedro de Novia de Salcedo y Castaños aipatu daiteke.