Miguel de Unamuno eta argazkilaritza. Ikusten dena imajinatu!

Miguel de Unamuno eta argazkilaritza. Ikusten dena imajinatu!

2014(e)ko Irailaren 29a - 2015(e)ko Otsailaren 1a

Salamancako Unibertsitateko Unamunoren museo-etxean gordetzen den material ugari eta garrantzitsuaren artean, ehunka irudiz osatutako argazki-artxiboa dago, nola edo hala Miguel de Unamunoren bizitzarekin eta jarduerarekin zerikusia duena. Unamunok bere bizitzan zehar bildutako argazki horien artean euskarri eta gai askotakoak daude eta, batez ere, argazki-mota ugari dago: erretratuak, familia-argazkiak, bidaietako argazkiak, argazki-txartelak, argazki estereoskopikoak, seiludun postalak eta seilurik gabekoak, Unamunoren irudiak dituzten liburuak eta aldizkariak, arkitekturako argazkiak eta arte, ikuspegi eta monumentuen argazkiak, eguneroko gaiei buruzkoak eta erreportajeak. Material ugari eta aberats hori bilduta gorde denez, ikuspegi orokorragoa ematen digu Unamunok bere bizitzan eta bere jardueraren bidez, argazkigintzarekin eta, hortaz, irudiarekin, izan zuen harremanari buruz eta, gainera, haren nortasunaren eta lanaren hainbat alderditan sakontzeko aukera eskaintzen digu.

Miguel de Unamunok, neurri handi batean, garai hartan ohi zen bezala jardun zuen argazkien erabilerari dagokionez, bai arlo pribatuan bai publikoan. Familiaren argazkiak gordetzen zituen eta familia hazi ahala, argazki-bilduma osatzen joan zen, familia izan bazela ziurtatzen duen benetako eguneroko bisuala bihurtzeraino. Argazki-estudiora joaten zen bere irudia eguneratzera eta, argazkion kopiak ere eskatzen zituen, behar zituenean. Postalak jaso eta bidaltzen zituen eta erosi, gorde eta antolatu ere bai. Bizitzan zehar, “argazkien bidezko posta-truke” emankorra izan zuen, alegia, lagunek, zaleek, jarraitzaileek eta adiskideek eskainitako argazkiak jasotzen zituen eta berak ere bere argazkia bidaltzen zien, eskaintza-hitzekin. Topaketetan edo bisitaldietan beste pertsona batzuekin zegoela ere egiten zizkioten argazkiak eta egiten zituen bidaietako eta txangoetako argazkiak ere partekatu eta gordetzen zituen.

Argazki-bilduma handia egin zuen urteetan, gai askotako argazkiekin. Batzuetan berak eskatzen zizkien argazkiak lagunei eta adiskideei baina gehienetan haiek bidaltzen zizkioten argazkiak, batik bat arkitekturari, arte erlijiosoari, etnografiari eta naturari buruzkoak, interesgarriak izango zitzaizkiolakoan.

Autore eta gizon publiko zen aldetik, argazkigintzaren arloko “betebeharrak” bete zituen Unamunok, batetik, idazle, publizista eta hizlari moduan jarduera garrantzitsua garatu zuelako eta, bestetik, urteen joanarekin, pertsona ospetsu, ikono eta sinbolo bihurtu zelako. Bere irudia gestionatzen zuen, argitaletxeetara eta aldizkarietara bidaliz, kazetarien jomuga zen kazetaritza grafikoa garatzen joan zen heinean, argazki- eta prentsa-agentziek bere irudia izaten zuten, ekitaldi publikoetan argazkiak egiten zizkioten eta argazki-erreportajeak egiten zituen eta aldizkari grafikoetako argazkietarako, prentsako artikuluetarako eta elkarrizketetarako argazkiak egin ziezazkioten jartzen zen propio.

Hemen duzuen argazkigintzako materialaren zatirik handiena Miguel de Unamunoren produkzio eta jarduera publikoarekin lotuta dago eta testuinguru horretakoa da, baina baita, bere biografiarekin eta bere harreman pertsonal eta profesionalekin ere, jakina.