Ignacio Ipiña.Unamunoren aztarnak

Ignacio Ipiña.Unamunoren aztarnak

2011(e)ko Irailaren 29a - 2011(e)ko Abenduaren 30a

Ignacio Ipiña (1932-2010) Bilbon jaio zen, García Rivero Maisuaren kalean. Gero, bere familia Pilota eta Erribera kaleen arteko etxe batera joan zen bizi tzera. Geroztik, itsasadarra bere bizitzan sartu zen, mareek bereganatu zuten, itsasadarra goitik behera zeharkatu zuen, eta beti hain aktiboak diren garabien biziraupenerako borroka bizi zuen, denok baitakigu garabiak hilda ere ez direla geldirik egoten. Bilbao. Itsasadarra eta Zazpi Kaleak, bertako kale kutun eta erreumatikoekin, Pagasarriren eta Artxandaren babespean.
Bizitza profesionala kontuan hartu gabe, Ignacio Ipiñak hamasei urterekin hasi zuen bere ibilbide artistikoa, Bay-Salaren eskutik eta Urduñako landetan. Pintzela zen haren luma. Mihiseen bitartez sartu zen hitzaren munduan, zuzen-zuzenean kontatu ahal izateko ikusten zuena. Horrela, paisaia eraldatzen zuen, bere ikuspuntu pertsonal eta aparta baliatuz. Izan ere, ez zen argazki-kamerarekin konformatzen. Han egon behar zuen, beroari edo hotzari aurre eginez, haizea geldiaraziz, naturaren orroekin dardarka hasten zen astoaren ostiko-arku gisa arituz. Erabateko sinbiosia lortzen zuen paisaiarekin: paisaiaren hizkeran mintzatzen zen eta paisaiaren lagun egiten zen, paisaiak bere zoko guztiak eta aire soltearen alaitasuna erakuts ziezazkion.
Ignacio Ipiñak erakusketak egin zituen Bilbon, Sestaon, Huescan, Perpinyàn eta Parisen; gero, Caledonia aretoaren bitartez, berriro itzuli zen Bilbora zenbait alditan, titulu hauekin: “Paisaia industrialaren lekukoak”, “Oma, isiltasun berdea” eta “Urdaibai, ahotsak uretan”. “Bilbao, mende amaieraren lekukotza” erakusketa Sociedad Bilbaína elkartean aurkeztu zen, eta “Bi itsasadarren lekukotza” erakusketak (Bilboko itsasadar industriala eta Urdaibaiko ekologikoa, bi errealitateren arteko kontraste gisa) modu ibiltarian bisitatu zituen Barakaldo, Portugalete eta Gernika.
Baina goazen garrantzitsuenera. Unamunoren lanak berrirakurtzen ari zela, idazlearekin ados jarri zen, haren ideiak mihisean islatzeko, bere hitzen olioa erabiliz. Bilbao eta Unamuno. Ignacio Ipiñak Unamunoren aztarnak antzematen jakin zuen, askatasunbrisa bat utziz bertako kale estuetan zehar. Denboraren galbaheak bahetu ezin izan duen sinbiosi perfektua. Hemen geratu zen haren pentsamendua, Ignaciok bere lanean jaso zuen, eta guregana proiektatu du. Zeren ideien aztarnak ez dira sekula hiltzen.

Blanca Sarasua