Emakumea Lanean

Emakumea Lanean

2015(e)ko Martxoaren 26a - 2015(e)ko Ekainaren 15a

Bilboko Euskal Museoak “Emakumea lanean” argazki-erakusketa aurkezten du, Vitoria-Gasteizko “Pilar Aróstegui” Udal Artxibategiko irudiekin, eta BBK Fundazioak ekoitzi eta atondua.

Erakusketa zuri-beltzeko berrogei irudiz osatuta dago, eta, horietan, Euskal Herriko emakumeek XX. mende hasierako bizitzako hainbat esparrutan egiten zituzten lanetako batzuk ikus daitezke.

Ia ehun urte igaro dira erakusketako argazkietatik gaur egunera arte. Aldi horretan, aldaketa sakonak izan dira emakumeari eta lan munduari dagokienez. Emakumezkoak lan munduan sartzea XX. mendeko aurrerapauso handienetakoa izan zen, zalantza barik.

Erakusketari esker, eraldaketa hori egiaztatu daiteke. Iraganeko irudiak dokumental bihurtzen dira, eta, horrela, egungo belaunaldiak historiaren, etnografiaren eta soziologiaren esparruan sar daitezke. Administrazioko eta merkataritzako lanetan jardun zuten aitzindariak ezagutzeko aukera ematen du, baita tradizioagatik emakumeen berezko lantzat hartzen zirenetan jardun zutenak ere, adibidez, txokolate-dendako saltzaileak, kapelak eskuz egiten zituztenak edo josteko makinari eragiten ziotenak.

Landa-inguruari eta itsasoari lotutako lanak ere islatzen dira erakusketako argazkietan; izan ere, emakumeek, behintzat gizarte klase apalenetakoek, indar handia izan dute mendeetan leku horietan, eta gaur egun ere badute. Irudietako batzuetan, emakumeak zeregin latzak gauzatzen agertzen dira, adibidez, kaian zamalanetan edo soloak goldatzen.

Erakusketak emakumeek kulturaren, dantzaren, munduan izan duten presentzia ere islatzen du, operetako dantzarien irudien bitartez.

“Emakumea lanean” erakusketan aurkezten diren argazkiak hainbat argazkilari profesionalen lana dira: Ceferino Yanguas Alfaro (Fitero 1889–Vitoria-Gasteiz 1970) , Enrique Guinea Maquibar  (Vitoria-Gasteiz  1875–1944)  eta Salvador Ramón de Azpiazu Imbert (Vitoria-Gasteiz  1867–Madril 1927) argazkilarienak, besteak beste. Artista horiek eguneroko bizitzaren alderdiak islatzen jakin zuten, obrei asmo sortzailea gehituta, eta horrek are baliotsuago bihurtzen ditu.

Argazki-erakusketa eguneroko bizitzaren objektuekin aberastu eta gauzatu da, eta bakoitzak istorio pertsonal bat dauka atzean, emakumeek jardun duten lan-esparruaren barruan: kaleak, landa, saltokiak, tailerrak, erietxeak eta antzokiak. Gaur egun, iraganeko memoria bizia bihurtu dira, Euskal Museoak egindako bilketa eta kontserbazio lanari esker.