• DENDA
  • SARRERAK

Abian da Bilbao 1700. Lau begirada, Bilboko bista margolana lau museotan zehar eramango duen erakusketa ibiltaria. Margolan hori hiribilduaren irudikapen piktorikorik zaharrena dela uste da

Urria 14, 2026

Ekimen honetan parte hartzen dute Itsasmuseum Bilbaok, Eleiz Museoak, Euskal Museoak eta Arte Ederren Bilboko Museoak.

Urtebetez, publikoak obraren ikuspegi desberdinak ezagutzeko aukera izango du, erakusten den museoaren arabera.

Bilbo, 2026ko urriaren 14a. Gaur goizean aurkeztu da Itsasmuseumen Bilbo 1700. Lau begirada proiektua. Hiriko lau museok lankidetzan garatutako ekimena da, Arte Ederren Bilboko Museoko bildumako Bilboko ikuspegia (1700 ingurukoa) margolanaren hainbat alderdi interpretatzeko. Ezagutzen den hiriko irudikapen piktorikorik zaharrena dela uste da.

Ekimenak urtebeteko iraupena izango du. Denbora horretan, margolana Itsasmuseum Bilbaon, Eleiz Museoan eta Euskal Museoan erakutsiko da, eta, azkenik, 2027ko urrian, Arte Ederren Bilboko Museora iritsiko da. Erakunde horietako bakoitzak bere ezagutza-arloaren eta museo-esparruaren ikuspegitik interpretatuko du obra.

Bilboko bista (1700 inguruan)
Formatu handiko obra da (206,5 × 270 cm), eta dokumentu-balio aparta du. Horri esker, Bilboren eraldaketa historiko eta urbanistikoa hobeto ezagutzeko iturri berria eskaintzen du. Espezialisten arabera, hiribilduarentzat erabakigarria izan zen garai bateko ikusizko lekukotza bakanetako bat da, eta gaur arte kontserbatu den hiriko irudikapen piktorikorik zaharrena.

Margolanak irudi bakarrean biltzen ditu itsasadarra, portua, hiri-eremua, elizak, lanbideak, eguneroko bizitza eta hiria irudikatu zuen artistaren begirada.

John Seale (1667-1714) merkatari ingelesak enkargatu zuen obra. XVII. mendearen amaieran Bilbon kokatu zen, eta merkataritza-jarduerari esker oparotasun ekonomikoa lortu zuen. Margolanaren egilea ezezaguna da, baina baliteke Bustrín familiako artistaren batek egin izana; garai hartan Bilbon jarduera handia izan zuen artista-leinu bat zen familia hori. Obrak argitaratu gabe eta ezkutuan iraun zuen hiru mende baino gehiagoz, 2025eko urrian Arte Ederren Bilboko Museoak erosi zuen arte.

Olio-pintura hau berreskuratu arte, Aro Modernoko Bilboren ikusizko ezagutza grabatuetan eta inprimatutako bistetan oinarritzen zen batez ere, horietako asko aurreko ereduetatik eratorriak. Horien artean, 1575ean Civitates Orbis Terrarum lanean argitaratutakoa nabarmentzen da: hiribilduaren lehen irudikapen fidagarri ezaguna da, eta ondorengo irudi askoren eredu izan zen. Tradizio grafiko horrekin alderatuta, Bilboko bista margolanak hiriaren eta itsasadarraren bi ertzen irudikapen piktoriko apartekoa eskaintzen du, zabala eta xehetasunez betea.

Margolanak Miribillatik hartutako ohiko ikuspegia ez ezik, Bilbo Zaharraren bigarren panorama ezezagun bat ere jasotzen du. Horri esker, XVII. mendearen amaierako arkitekturarekin, hirigintzarekin eta biztanleen eguneroko bizimoduarekin lotutako xehetasun ugari azter daitezke.

Gaur egungo Miribilla ingurutik, margolanak hiriaren eta inguruaren panorama zabala erakusten du, itsasadarra protagonista nagusi dela. Irudiari esker, itsasadarraren ibilbidea itsasoraino jarrai daiteke, eta Bilboren garapenean izan zuen funtsezko eginkizuna ezagutu. Komunikazio-bide nagusia eta ekonomiaren eragile nagusietako bat izanik, itsasadarrak hiribildua nazioarteko merkataritza-sareekin lotzen zuen. Ontziolak, biltegiak eta kaiak ageri dira haren ertzetan, eta itsasontzi ugariren presentziak garaiko portu- eta merkataritza-jarduera biziaren berri ematen du.

Miribillatik hartu zen, halaber, Bilboren lehen irudikapen fidagarri ezaguna. 1575ean argitaratu zen Civitates Orbis Terrarum lanean, munduko hirien lehen atlas handitzat jotzen den horretan.

Gainera, margolanak eguneroko bizitzaren aparteko lekukotza eskaintzen du. Alde Zaharra, hiribilduaren kanpoaldeko auzoak eta Abandoko, Deustuko eta Begoñako elizateak ageri dira, itsasgizonen, merkatarien, mandazaien, ikuzleen eta ur-eramaleen eszenekin batera. Behealdean, gainera, Bilbo Zaharraren bigarren ikuspegia dago, garai hartan Allende la Puente izenez ezagutzen zena. Horri esker, itsasadarraren bi ertzak aldi berean ikus daitezke.

Bilbo 1700. Lau begirada
Margolanak hainbat kontakizun biltzeko duen gaitasunean oinarrituta, lau museoek elkarlanean proiektu ibiltari hau abian jarri dute, obra lau erakundeetan ikusgai egon dadin. Horrela, obra ikusteko eta ulertzeko modu desberdinak eskainiko dira, bata bestearen atzetik.

Margolana ohiko testuingurutik atera, eta ibilbidean zehar garatutako irakurketa desberdinekin aberastuta itzuliko da: itsasokoa, soziala, erlijiosoa eta artistikoa, hain zuzen. Hau da, obraren ikuspegi poliedrikoa.

Ibilbidearen lehen etapa Itsasmuseumen hasiko da, ideia nagusi honetatik abiatuta: Bilbo ulertzeko, haren itsasadarra ulertu behar da. Nabigazioak, portuak eta itsas merkataritzak jarduera ekonomiko eta soziala sustatu zuten, eta jarduera horrek 1300. urtean hiribildua sortzea ahalbidetu zuen. Era berean, funtsezkoak izan ziren Bilboren ondorengo hazkundean. Itsasadarrak komunikazio-bide eta trukerako gune gisa jardun zuen, pertsonen eta salgaien joan-etorria antolatuz eta Bilbo Europako eta Atlantikoko merkataritza-sareekin lotuz.

Kanporako proiekzio horrek isla bisuala ere izan zuen. XVI. mendearen amaieratik aurrera, Bilboren irudia Europan zehar zabaltzen hasi zen atlasen, bidaia-liburuen eta errepertorio geografikoen bidez. Denborarekin, irudi hori erreproduzitu eta eraldatu egin zen, eta merkataritza- eta portu-hiribildu baten irudia finkatzen lagundu zuen. Hala, Itsasmuseumen begiradak margolana nabigazioarekin, portu- eta merkataritza-jarduerarekin eta Bilboren irudiaren eraikuntzarekin eta hedapenarekin lotzen du.

Irudikapen horietako askok, Bilbo izenburua izan arren, Bilboko itsasadar osoa erakusten dute: hiribildua, ibaiaren ibilgua, portu-eremuak eta itsasoarekiko lotura.
Eleiz Museoak erlijio-erakundeek Bilboren konfigurazioan izan zuten presentzia aztertuko du. Elizek, komentuek, ospitaleek eta laguntza-zentroek gizarte-antolaketan, hezkuntzan eta komunitate-bizitzan izan zuten eginkizuna ulertzen laguntzen dute.

Euskal Museoak garaiko eguneroko bizitzan jarriko du arreta: kaleen, plazen eta auzoen antolaketan; etxebizitzetan eta elkartzeko gune publikoetan; lanbideetan; merkatuetan eta, oro har, hiribilduaren gizarte-antolaketan.

Bilbo 1700. Lau begirada proiektua 2027ko urrian amaituko da Arte Ederren Bilboko Museoan. Bertan, margolana sorkuntza artistiko gisa aztertuko da: egiletza, datazioa, jatorria eta ibilbide historikoa, teknika, konposizioa, ikuspuntua, perspektiba, argia eta kolorea, baita balizko enkargua eta helburua ere.

Margolana lau museoetako bakoitzean dagoen bitartean, erakundeek jarduera espezifikoak iragarriko dituzte, proiektuaren irakurketa eta eduki desberdinetan sakontzeko.

Itsasmuseum Bilbao
Bilboren irudiaren eraikuntza 1700 inguruan, Ramón Oleagaren erakusketa
Bilboko vista Itsasmuseumen bisitatu ahal izango da 2027ko martxora arte, hiriaren jatorriari eskainitako eremuan. Margolana Portugaleteko barra (1740 ingurukoa) lanarekin, Bilboko Kontsulatu historikoari lotutako hainbat elementurekin eta Oleaga-Pont bildumako hamalau piezarekin batera erakutsiko da. Pieza horiei esker, XVI. eta XVIII. mendeen artean Bilboren irudia nola eraiki eta hedatu zen ezagutu ahal izango da.

Bilboren irudiaren eraikuntza 1700 inguruan izenburupean, ibilbidea hiribilduaren lehen irudikapen inprimatuetatik abiatzen da, eta Bilboren irudi jakin bat mapen, atlasen, bidaia-liburuen eta errepertorio geografikoen bidez Europan zehar nola finkatu, kopiatu, eraldatu eta zabaldu zen erakusten du. Argitalpen horietan Bilbo behin eta berriz agertzeak, hiri gutxi batzuekin batera, merkataritza-gune gisa zuen garrantzia gero eta handiagoa zela ulertzeko aukera ere ematen du, Atlantikoko eta Europako merkataritza-sareekin lotuta baitzegoen.

Ibilbideak XVI. mendeko lehen irudi irudikarietatik 1575eko Civitates Orbis Terrarum laneko ikuspegira eramaten gaitu. Azken hori bi mende baino gehiagoz hiribilduaren irudikapen kanonikoa izan zen. Ondoren, haren hedapena eta eraldaketa jarrai daitezke XVIII. mendearen erdialdera arte.

Erakusketako piezen artean, Hondius, Zeiller, Sandrart, Funk, Coronelli, Van der Aa eta Nairneren lanak daude, baita Johann Golling merkatariaren erretratua ere. Gollingen ibilbideak, Nuremberg, Amsterdam eta Bilbo artean garatuak, agerian uzten du hiribildua erabat txertatuta zegoela Europako merkataritza-sareetan.

Ibilbidea Edward Nairneren 1756ko ikuspegi optikoarekin amaitzen da. Lan horretan, itsasadarrak eta portu-jarduerak protagonismo berezia hartzen dute, eta garai hartako Bilbo merkataritzaz, lanaz eta kosmopolitismoaz betetako hiria gaur egungo Bilborekin lotzen dute.

Azaroaren 17an, 19:00etan, Ramón Oleagak Bilboren irudiaren eraikuntza 1700 inguruan hitzaldia emango du museoko auditorioan.

Bilbo 1700 inguruan. Juan Basen kontakizuna eta 17 postal
Ekimen hau dela eta, Arte Ederren Bilboko Museoak Juan Bas idazlearen (Bilbo, 1959) El ángel inspirador kontakizunaren edizio berezia aurkeztu du, margolanean oinarritua. Euskara eta gaztelaniazko edizioak postal-sorta batekin batera argitaratu dira, Arte Ederren Bilboko Museoak duela urtebete erositako hiriko dokumentu piktoriko garrantzitsu hau oroitzeko.

Galeria

Beste prentsa-ohar batzuk

  • Euskal Museoa 
  • Museoa 
  • Prentsa 
  • Abian da Bilbao 1700. Lau begirada, Bilboko bista margolana lau museotan zehar eramango duen erakusketa ibiltaria. Margolan hori hiribilduaren irudikapen piktorikorik zaharrena dela uste da