• DENDA
  • SARRERAK

Eraikina

Euskal Museoaren eraikina denboran zehar izandako erabilerek,
erakundeek eta eraldaketek baldintzatutako bilakaera
historikoaren emaitza da.

Jesusen Lagundiaren San Andres ikastetxe eta eliza

1600 - 1769

1610ean inauguratu zen, Askaoko errebalean, Jesusen Lagundiaren San Pedro eta San Andres ikastetxea, Alcalá de Henaresen bizi zen Domingo de Gorgolla bilbotarrak utzitako legatuari esker. Bestalde, Aita Ramírez jesuitak abiatutako bideari jarraikiz, beste eliza bat hasi ziren eraikitzen 1623an —1637an amaitu ziren lanak—, eta kapera bat —Zamudiokoa— 1684an; 1655. urterako, jesuitena zen Askao kaleko etxadi osoa, egungo Unamuno plazarainokoa.1663rako, berriz, eraikia zegoen sekularren etxea (egungo Gurutze kaleko 6.ean). 

Bilboko Errukiaren Errege Etxe Santua

1771 - 1910

Jesuitak kanporatu ondoren, 1775ean, Erruki Etxearen jabetzapean geratu zen eraikina, eliza eta klaustroko laugarren hegala izan ezik; horiek alboko Joan Santuen elizarenak ziren —ordura arte, Atxurin egon zen—. Okindegia, labea, ehundegiak eta irundegiak jarri zituzten ikastetxearen eraikinean eta haren inguruko lurretan.

1830ean, berriz, beste solairu bat eraiki zuten ikastetxean —hirugarrena—; hartara, sestra berean geratu ziren eraikineko alde zaharra eta berria. 1832an, lorategi bilakatu zen lehen klaustro zena, eta, urte berean, eraikinaren kanpoko aldera eraman zituzten loza-fabrika eta haren sail guztiak. 

Euskal Museo Arkeologiko eta Etnografikoa (Euskal Museoa)

1914 - 2020

1914an, Udalak Bizkaiko Monumentu Batzordeari laga zion Probintzia Auzitegiko patioa, Museo Arkeologikoa han jar zezan. Baina Batzordeak ez zituen 1917ra arte onartu Museoko patronatuko kide gisa —proportzio berean— Bilboko Udala eta Bizkaiko Aldundia. 1918an, sarrera Gurutze kaletik zuen Auzitegiko patioa eraberritu zuen Batzordeak, eta material arkeologikoak biltzeari ekin zion. Euskal Museo Etnografiko bat sortzea ere erabaki zuen Aldundiak 1917an, Sustapen Batzorde sortu berriak proposatuta. Aldundiaren jauregiaren sotoetan zuen egoitza museo berriak, eta Aldundiko presidente Ramón de la Sota izan zen haren Batzordearen burua. 

Amaia Basterretxea Moreno doktorea / Bilbo,
Ikerketa (Bilduma Saila)

Galeria

Galeria