Museoak ondarean oinarritutako hezkuntza-esperientziak
proposatzen ditu, pentsamendu kritikora, kultura bitartekaritzara
eta partekatutako ikaskuntzen eraikuntzara bideratuak.
Hariz Hari da Eskola Programari forma eta zentzua ematen dizkion metafora. Irudi horretatik abiatuta, ondarea belaunaldien artean transmititutako objektuek, jardunbideek, jakintzek, memoriek eta balioek osatutako ehun gisa ulertzen da.
Informazioa eta erreserbak
25 pertsona arteko taldeak.
Tel.: 944 155 423 (astelehenetik ostiralera 08:00etatik 15:00etara)
Email: erreserbak@euskalmuseoa.eus
Museoa kantari ari zaigu! Arretaz entzungo dugu, geletatik koloretako hariei jarraituko diegu gure kulturako ideiak eta abestiak harrapatzeko. Jolasaren eta irudimenaren bidez, geure kontakizunak ehunduko ditugu, Museora egindako bisita esperientzia sentsorial eta partehartzaile ahaztezin bihurtuz.
Pentsatu haizearen erritmoan dantza egiten duten koloretako zintak dituen arbola handi batean. Museoan irudizko zinta bati jarraituko diogu gure herriaz eta haren aniztasunaz hitz egiten duten pistak aurkitzeko. Dinamika kooperatiboen bidez, dantzan bezala, gure historia komunaren marrazkirik politena txirikordatzeko elkarrekin lan egin behar dugula konturatuko gara. Zer ehundu dezakegu elkarrekin?
Zerez eginda daude inguratzen gaituzten gauzak eta nola egin ziren? Materialen arrastoari jarraituko diogu: ehundutako artilearen berotasuna, burdina forjatuaren hotza, tailatutako egurraren zimurtasuna… Museoko objektuak lanbide tradizionalen prozesuekin lotuko ditugu. Begirada zientifiko eta soziala teknika eta jakintza tradizionalei.
Gure identitatearen ehungailua. Zatien batura al gara ala zerbait guztiz berria? Memoriaren hariei jarraituko diegu, eta gure identitatea izan zirenaren eta gaur gehitzen ari garenaren arteko nahasketa dinamikoa dela konturatuko gara. Collagearen teknika izango da elementu pertsonalak eta taldekoak josi, transmititu eta eraldatzeko tresna, gizartea bezala, bere zatien batura baino askoz gehiago den obra kolektibo bat sortu arte.
Pentsa dezagun hirian. Harri eta kale multzo gisa ez ezik, baita erabakien, akordioen, lanen eta partekatutako bizitzen ondorio den eraikuntza sozial gisa ere. Lehenengoetatik gaur egunera arte, politika, gizartea eta ekonomia, eta baita bertan bizi diren pertsonen dinamikak ere, ehuntzen dituzten hariei jarraituko diegu. Ibilbide kolektibo bat, non gure iraganeko eta oraineko hiriak interpretatuko ditugun etorkizunean proiektatzeko.
Janzteko modua denboraren igaroaren eta kultura-berezitasunen adierazgarri garrantzitsua da; geure burua definitzeko eta besteen aurrean aurkezteko modu bat da. Museoko jantziak behatuko ditugu, gure ohiturekin lotuko ditugu. Museora egindako bisita modaren dimentsio sozial, kultural eta ekonomikoari buruzko hausnarketa-ariketa bihurtzen da.
Ondare-objektua iturri historiko eta kultural konplexu gisa aztertzen da, pentsamendu kritikoa, eztabaida sakona eta tradizioaren irakurketa garaikidea sustatuz. Ezarritako kontakizunak zalantzan jarriko dira eta ikasleak ondarearen irakurketa berriak proposatzera bultzatuko dira, XXI. mendeko erronkekin eta identitateekin lotuz. Museoa ideien laborategi bihurtzen da, non iraganak ikuspegi berriak inspiratzen dituen.