Euskal Museoaren eraikina denboran zehar izandako erabilerek,
erakundeek eta eraldaketek baldintzatutako bilakaera
historikoaren emaitza da.
1600 - 1769
1610ean inauguratu zen, Askaoko errebalean, Jesusen Lagundiaren San Pedro eta San Andres ikastetxea, Alcalá de Henaresen bizi zen Domingo de Gorgolla bilbotarrak utzitako legatuari esker. Bestalde, Aita Ramírez jesuitak abiatutako bideari jarraikiz, beste eliza bat hasi ziren eraikitzen 1623an —1637an amaitu ziren lanak—, eta kapera bat —Zamudiokoa— 1684an; 1655. urterako, jesuitena zen Askao kaleko etxadi osoa, egungo Unamuno plazarainokoa.1663rako, berriz, eraikia zegoen sekularren etxea (egungo Gurutze kaleko 6.ean).
1771 - 1910
Jesuitak kanporatu ondoren, 1775ean, Erruki Etxearen jabetzapean geratu zen eraikina, eliza eta klaustroko laugarren hegala izan ezik; horiek alboko Joan Santuen elizarenak ziren —ordura arte, Atxurin egon zen—. Okindegia, labea, ehundegiak eta irundegiak jarri zituzten ikastetxearen eraikinean eta haren inguruko lurretan.
1830ean, berriz, beste solairu bat eraiki zuten ikastetxean —hirugarrena—; hartara, sestra berean geratu ziren eraikineko alde zaharra eta berria. 1832an, lorategi bilakatu zen lehen klaustro zena, eta, urte berean, eraikinaren kanpoko aldera eraman zituzten loza-fabrika eta haren sail guztiak.
Erruki Etxearen jabetzak saltzea: ikastetxeko eraikinak banatzea eta erabilera berriak
1871n, San Mames izeneko eraikina erosi zuen Aldundiak, eta, 1874an, Gobernazio Ministerioari baimena eskatu zion Erruki Etxearen eraikin zaharra saltzeko eta besterentzeko. Salmentaren dirua honetarako erabili zen: kale berria egin, eta eraikina lekuz aldatzeko gastuak ordaintzeko.
Erronda eta Iturribide elkarrekin lotzen zituen María Muñoz kalea irekitzeko —1875ean—, Zamudioko kapera eraitsi behar izan zuten. 1882an, berriz, eraberritu egin zuten eraikinaren fatxada, eta han zabaldu María Muñoz kalera ematen zuen ate nagusia —oraindik ere hantxe dago—.
Ingurune horretako eremu urbanizagarria handitzeko aukera ematen zuenez kale berriak, Erruki Etxearen kontrako espaloian sortutako gune berri hura banantzeari ekin zion udalak (etxearen areto guztien jabeak), 1890ean. Sail haiek zenbait herritar partikularri saldu ondoren, etxeak eraiki ziren, egun María Muñoz kaleko zenbaki bakoitiei dagozkienak hain zuzen ere. 1877an, azkenik, Gurutze kalearen 6.eko hirugarren solairua saldu zen. Urte horretan bertan, jabe bakar batek 6. zenbakiko etxe osoa bereganatu zuen, eta hura ikastetxeko eraikinetik banatzeko horma eraiki zen.
1914 - 2020
1914an, Udalak Bizkaiko Monumentu Batzordeari laga zion Probintzia Auzitegiko patioa, Museo Arkeologikoa han jar zezan. Baina Batzordeak ez zituen 1917ra arte onartu Museoko patronatuko kide gisa —proportzio berean— Bilboko Udala eta Bizkaiko Aldundia. 1918an, sarrera Gurutze kaletik zuen Auzitegiko patioa eraberritu zuen Batzordeak, eta material arkeologikoak biltzeari ekin zion. Euskal Museo Etnografiko bat sortzea ere erabaki zuen Aldundiak 1917an, Sustapen Batzorde sortu berriak proposatuta. Aldundiaren jauregiaren sotoetan zuen egoitza museo berriak, eta Aldundiko presidente Ramón de la Sota izan zen haren Batzordearen burua.
1919an, egoitza berean jarri zituzten museo biak —Arkeologikoa eta Etnografikoa—, San Andres ikastetxea izandakoaren klaustroan, baina gobernu-organo independenteak zituztela. Azkenik, 1921ean, euren patronatuak bateratu zituzten museo biek, eta, hala, Bizkaiko Arkeologia eta Euskal Etnografia Museoa sortu zen, 1921eko uztailaren 3an inauguratu zena.
Eraikineko aretoak betetzen joan ziren pixkanaka. Hasieran, erdiko patioan edo klaustroan bakarrik zegoen Museoa: erakusketa-areto txikia zen, lauzatua eta beirate batek estalia.
1924an aurkeztu zen proiektu batek, baina, hauxe proposatu zuen: Museoari atxikitzea klaustroko bi hegal eta hirugarren baten erdia. Laugarren hegalak elizarena izaten jarraitzen zuen. Artean, eraikin nagusian zeuden Udal Epaitegiko aretoak.
1960ko hamarkadan, besteak beste epaitegietako eraikin zaharra hustu zutelako eraikina higatzen ari zela eta, Museoko patronatuko kideek hura berritzeko proiektu bat eskatu zieten Udalaren eta Aldundiaren arkitekto Ricardo Beascoa eta Álvaro Líbanori. 1963an, lurrera txintxorrik eror ez zedin, oihal metaliko sendo batez irmotu zuten erdiko eremuaren gaineko beiratea, eta, Museoa Auzitegi zaharreko eraikinaren hiru solairutan kokatzeko proiektua idaztea agindu zen. Halere, 1967an egin zen (ez lehenago) obren enkantea, eta 1968an hasi ziren lanak. Klaustroak lorategia berreskuratu zuen, eta hauxe proposatu zion «Bizkaiko Historia Museoa» bihurtua zen erakundeko Batzordeak Líbanori: beste solairu bat eraikitzeko, amaitzear zegoen Bizkaiko maketa handia bertan jartzeko.
Hurrengo hamarkadan, María Muñoz aldera ematen zuen fatxadan egin ziren eraikin nagusi hartako obrarik gehienak: 1973an, Bilboko Kontsulatu zaharreko lau balkoiak jarri zituzten; 19751976 epean, berriz, harria pikatu eta garbitu egin zuten, bistaratzeko, eta, horrela, eraikinaren jatorrizko itxurari eutsi zioten. 1976an, Gurutze kaleko 6. etxeko ezkerraldeko bigarren eta hirugarren solairuak erosi zizkion Museoak Elizari, klaustroko laugarren hegala berreskuratu zuen, elizarekiko pareta banatzailea berriro eraiki zen eta tenpluaren barruan zegokien berezko lekura itzuli ziren aldareak.
1980.aren amaieran, ostera, beste proiektu bat enkargatu zion Álvaro Líbano Pérez de Ullibarriri Museoko Patronatuko Batzordeak, bai eraikin nagusia, bai fatxada Unamuno plazara begira zuena eraberritzeko. «Museo Arqueológico y Etnográfico Vasco / Euskal Arkeologia, Etnografia eta Historia Museoa» zen garai hartan erakundearen deitura. Jarduketa hartan, hirugarren solairu bat eraiki zuen Líbanok klaustroaren ekialdeko hegalean —han jarri behar zuten Bizkaiko maketa—, eta bigarren solairuko hegoaldeko eta ekialdeko arkuak berreraiki eta beheko solairuetakoen parean jarri zituen.
1984an, Gurutze kaleko 6.eko mehelina jada zurkaiztuta zegoela —erortzeko zorian zegoen, izan ere—, honela ekin zieten Museoko fatxadari eta goiko solairuei: bigarren solairua atzeraemanez eta haren gainean biltegi bat eginez. Hartara, Museoaren fatxada elizarenarekin lerrokatu zen; horrez gain, bigarren pinakulu bat jarri zuten, apaingarri gisa.
1986an, bere aldetik, eraitsi eta garbitu egin zuten María Muñoz kalera ematen zuen Polizia Nazionalaren etxea zegoeneko lokala, eta Museoko erakusketa-areto bihurtu, 2000.ean —Unamuno plazatik du sarrera—.
2009an, Foru Aldundia titular zuen «Museo de Arqueología / Arkeologi Museo» berrira eraman ziren arkeologiako eta historiaurreko bildumak; 2020an, azkenik, «Museo Vasco / Euskal Museoaren» administrazio-kontseiluak onartu egin zuen Vaillo-Irigaray arkitekto-estudioak aurkeztutako «Euskal Museoa erabat eta behin betiko berritzeko proiektua».
Amaia Basterretxea Moreno doktorea / Bilbo,
Ikerketa (Bilduma Saila)
Galeria