• DENDA
  • SARRERAK

Erakundea

Bilboko Euskal Museoak mende bat baino
gehiago darama euskal gizartearen
ondare historiko eta kulturala
kontserbatzen eta zabaltzen.

Jatorria

Bilboko Euskal Museoa XX. mendearen hasieran jaio zen, historiak, tradizioak eta ondarearen babesak gizartean interes handia pizten zuten garai batean. Bizkaiko Monumentuen Batzordeak, 1908an berrantolatuta, ondasun historiko-artistikoen katalogazioa eta inbentarioa bultzatu zituen, lekukotza horiek bildu eta gordeko zituen Arkeologia Museo bat sortzeko helburuarekin.

1917an, Aldundiak Etnografia Museo bat sortzea erabaki zuen, euskal herriaren identitateari eta ezaugarriei lotutako objektuak jasotzeko. Bi proiektuak San Andres ikastetxea zenaren klaustroan kokatu ziren eta 1921ean inauguratu. 1923an erakunde bakar batean batu ziren, Aldundiak eta Udalak lagunduta, eta gaur egungo museoaren oinarriak ezarri zituen patronatu batzorde bateratu batekin.

Bilakaera

Lehen urteetatik, Museoak lan handia egin zuen bildumak osatzeko eta sendotze zientifikorako, estatuko eta nazioarteko ikertzaile nabarmenekin loturak ezarriz. Gerra Zibilak etenaldia ekarri zuen ibilbide horretan, eta erakundeari lotutako pertsonei zein bildumei eragin zien.

XX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera, Museoak egoitza zabaldu, erakusketak berrantolatu eta helburuak birdefinitu zituen. Elebitasuna sartzeak, barne-egituraketak eta bildumen espezializazioak hazkunde-etapa berriak ekarri zituzten.

XXI. mendean, 2009an Museologia Plan berria onartzeak eta 2017an hasitako erabat birgaitzeko prozesuak proiektua berritzea ahalbidetu dute, euskal kulturarentzako erreferentziazko gune gisa sendotuz.

Eginkizuna

Bilboko Euskal Museoaren eginkizuna da euskal gizartearen bilakaera historiko eta kulturala azaltzen duten lekukotza material eta immaterialak biltzea, kontserbatzea, dokumentatzea, ikertzea, zabaltzea eta erakustea; ondarearen ezagutza, hausnarketa eta gozamena sustatuz, eta egungo eta etorkizuneko belaunaldiei transmitituko zaiela bermatuz.

Patronatua

1923an sortu zenetik, Museoa bi erakunde sustatzaileetako kideek osatutako patronatu baten mende egon da: Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala. 2014an, erakundearen forma juridikoa aldatu zen eta Bilbao Bizkaia Museoak S.L. enpresaren mende geratu zen. Erakunde hori Euskal Museoak eta Berreginen Museoak osatzen dute, baina, era berean, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak parte hartzen dute bertan.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak bi urtean behin txandakatzen dute Bilbao Bizkaia Museoak S.L. gobernatzen duen Administrazio Kontseiluaren presidentetza.