• DENDA
  • SARRERAK

Biltegi bisitagarria

Bisita gidatua

Bisita gidatua: gordailu bisitagarria

Azaroa 7, 2026

Azaroa 30, 2026

Hala, areto berriari esker, posible izango da Museoko bildumak kontserbatzeko eta kudeatzeko lana bisitariei hurbiltzea, normalean ikusten ez diren piezen bidez.

Gordailu bisitagarri horri esker, Euskal Museoa da bere museo-ibilbidean ondarearen kontserbazioa zabaltzeko espazio iraunkorra duen Euskadiko museo bakarra.

Une honetatik aurrera, Museoak bisita gidatuak eskainiko dizkie aldez aurretik izena ematen duten talde txikiei.

Bilbon, 2026ko urriaren 7an. Euskal Museoa Bilbaok bere gordailu bisitagarria aurkeztu du, eta espazio berria da bisitariei hurbiltzeko museo batean gutxien ezagutzen den lanetako bat: bildumen kontserbazioa eta kudeaketa. Proposamen aitzindaria da, eta, horri esker, Euskal Museoa bere museo-ibilbidean bertan kultura-ondarea nola babestu, aztertu eta kontserbatu zabaltzeko espazio iraunkorra duen Euskadiko museo bakarra izango da.

Ekitaldian, Museoko teknikak izan dira inaugurazioaren unerik adierazgarrienetako baten protagonistak. Hala, espazioko beira-arasetako batean sartzeke zegoen azken pieza kokatu dute, teontzi anafreduna, eta, horrela, lehen ezarpena osatu dute. Gainera, bisitariek ezagutu ahal izango duten lan teknikoaren erakustaldia egin dute, eta hauxe erakutsi dute: tresna espezializatuek, hala nola mikroskopio digitalak, aukera ematen dute piezen kontserbazio-egoera aztertzeko eta materialak begi hutsez ikusi ezin den xehetasun-mailarekin behatzeko.

Normalean erreserbetan egoten dena erakusten duen espazioa

Gordailu bisitagarria Unamuno eraikineko hirugarren solairuan dago, Kukula espazioaren ondoan, eta helburu argi batekin sortu da: piezak Museoan sartzen direnetik ikusgai jartzen diren arte edo erreserba-gordailuan sartzen diren arte egiten duten ibilbidea ikusaraztea.

Espazioak Euskal Museoaren antropologia- eta dokumentu-bildumen aberastasunari eta aniztasunari balioa ematea ahalbidetzen duten eta hainbat arrazoirengatik ohiko museografien parte ez diren funtsak biltzen ditu. Museoak gordetzen duen ondarearen aniztasuna eta objektu bakoitzak eskatzen dituen kontserbazio-beharrak azaltze aldera, espazio berean bizi dira zeramikak, jantziak, altzariak eta grafiko- eta argazki-funtsak, besteak beste.

Hala, pieza hauek egongo dira ikusgai, besteak beste: Butroe ibaiaren haranean (Bizkaia) finkatutako arotzek kolore deigarriz egindako eta margotutako errezeldun ohe adierazgarriak; Busturiako (Bizkaia) San Mames zeramika-fabrikako ontziteria eta loza fineko konketak; Barakaldoko (Bizkaia) Munoa finkan kontserbatutako marokoar kaftan exotiko eta originalak, rifeko Mohammed ben Abd el Krim el Jatabi liderrak Horacio Echevarrieta enpresari eta XX. mende hasierako Bilboko burgesiaren ordezkariari egindako oparia; Manilako (Filipinak) portutik penintsulara bidaltzen ziren eta Txinako merkataritzari lotuta zeuden zetazko xal finak, ekialdeko dekorazio-motiboak eraldatu eta lits bereizgarriak gehitu ondoren Euskadiko emakumeen janzkeraren osagarri gisa integratu eta arreoan eta jai-janzkeran gehitu zirenak, Euskal Herriko portuek (Bilbo, esaterako) merkataritza-jarduera handia izan baitzuten; paperezko mapa eta plano ederrak, Europako inprimatzaile eta grabatzaileek XVI. mendetik XIX. mendera arteko euskal lurraldea nola irudikatzen zuten erakusten dutenak; landako oinetakoak eta oinetako tradizionalak (abarkak, eskalapoiak, abarketak), oinetako espezializatuak (erraketak, mendiko eta laneko botak) eta hiri-oinetakoak, zeinen tipologiak eta materialtasunak bizimoduez, estatusaz, gizarte-testuinguruaz, modaz eta abarrez hitz egiten baitute.

Guztira, gaur egun aretoak Euskal Museoaren 50.000 erregistro baino gehiagoko bildumako 450 pieza inguru ditu. Kopuru hori aldatuz joango da, espazio bizia baita, eta denborarekin bilakaera izango du, pieza berriei bide emateko.

Espazio hau XVI. eta XVII. mendeetako Europako bitxikerien kabineteetan oinarritzen da, non piezen berezitasunak eta aparteko objektuak aurkitzearen esperientziak bisitariaren jakin-mina pizten zuten. Ideia hori ikuspegi garaikide batetik berrinterpretatzen da hemen: ohikoak ez diren piezen kontenplazioa eta horien kontserbazioa bermatzen duen lan teknikoaren dibulgazioa konbinatzen da.

Museoetako lan ikusezina ikusaraziko duen museoa
Objektuak erakusteaz gain, gordailu bisitagarriak museo batek barrutik nola funtzionatzen duen azaltzen du. Espazioak ingurumen-baldintza espezifikoak ditu tenperaturari, hezetasunari eta argiztapenari dagokienez, baita materialen eta piezen dimentsioen aniztasunera egokitutako altzariak ere. Hala, partzialki erreproduzitzen ditu museoko erreserba-gordailuaren baldintzak eta aukera ematen du prebentziozko kontserbazioaren garrantzia ulertzeko.

Proposamenak arreta jartzen du bildumak kudeatzeko fase desberdinetan, sarrera berriak onartzetik ondarea dokumentatu, kontserbatu eta hedatzeraino, eta bildumak etorkizuneko belaunaldietara baldintzarik onenetan iristea ahalbidetzen duen lanaren ezohiko ikuspegia eskaintzen du.

Unamuno Plaza eraikina
Gordailu bisitagarriaren inaugurazioa Unamuno Plaza eraikina irekitzeko lehen urratsa da. Horrela, lehenengo fasean Kurtze, Miserikorida eta Klaustro eraikinak inauguratu ziren. Horietako gehienek Euskal Museoaren erakusketa erdi-iraunkorra hartzen dute. Orain, eta datozen hilabeteetan, proiektu berriaren parte diren espazio guztien irekiera osatuko da: gordailu bisitagarria, aldi baterako erakusketa-aretoa, Bilboko Itsasadarra aretoa eta Lapikotik aretoa.

Nola gozatu ahal izango dute bisitariek gordailu bisitagarriaz?
Gordailu bisitagarriak Euskal Museoaren ohiko bisitaz bestelako esperientzia eskainiko du; izan ere, aukera emango du pieza bikainak hurbiletik ezagutzeko, baita talde teknikoak lantzen dituen tresnak ezagutzeko ere. Espazio horretan, erakundeak bilduman pieza berria jaso edo gehitzean egiten duen prozesua ezagutu ahal izango da: egokitasunaren ebaluazioa, harrera (dagokion erregistroarekin, inbentarioarekin eta katalogazioarekin), horren zaharberritzea, beharrezkoa bada, eta, azkenik, piezaren erakusketa, argitalpena eta hedapena.

Horrek guztiak kontserbazio-lanera ikuspegi praktiko batetik hurbiltzea ahalbidetuko du, eta materialak eta piezen egoera tresna espezializatuen bidez (mikroskopio digitala, adibidez) nola aztertzen diren lehen eskutik ezagutuko dugu.

PROGRAMATUTAKO BISITA GIDATUAK:
Lehen bisitaldia Museoak Ondarearen Europako Jardunaldiak ospatzeko antolatu dituen jardueren esparruan egingo da.

Gainera, Museoak bisita gidatuak programatuko ditu hilero espazio horretara (Museoaren programazioaren barruan).

Azaroan saio hauek programatuko dira:

Azaroak 7, larunbata, 11:00etan (gaztelaniaz) eta 12:00etan (euskaraz)
Azaroak 16, astelehena, 17:00etan (gaztelaniaz) eta 18:00etan (euskaraz)
Azaroak 21, larunbata, 11:00etan (euskaraz) eta 12:00etan (gaztelaniaz)
Azaroak 30, astelehena, 17:00etan (euskaraz) eta 18:00etan (gaztelaniaz)
Bisita horietan parte hartu nahi dutenek Euskal Museoa Bilbaoren webgunean eman beharko dute izena: www.euskalmuseoa.eus

Bisita gidatuen prezioa 5 €/pertsona izango da, eta gehienez 10 pertsonako edukiera izango du, bilduma kontserbatzeko espazioa baita. (Gutxieneko edukiera: 5 pertsona) Museoko sarrera ere ordaindu behar da, dagokion prezioari jarraikiz.

BISITA GIDATUAK
Museoak bisita gidatuak ere eskainiko ditu talde txikientzat (gehienez 10 pertsona), zentroaren ohiko ordutegian. Erreserbak gutxienez 72 ordu lehenago egin behar dira, 946 076 548 telefonoaren bidez (astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 15:00etara) edo erreserbak@euskalmuseoa.eus helbide elektronikoa erabilita.

Bilakaera izaten jarraituko duen espazio bizia
Gordailu bisitagarria lehen pieza-sorta batekin hasiko da, baina espazio dinamiko eta aldakor bihurtzeko asmoarekin sortu da. Bere edukia narratiba berriekin, objektu desberdinekin eta etorkizuneko proposamenekin bilakatuko da, eta Euskal Museoaren bildumen kontserbazio-eta kudeaketa-lana bisitariei hurbiltzen jarraituko du.