Azaroa 9, 2026 Urtarrila 10, 2027
EUSKALTZAINDIAK R. M. AZKUE OMENDUKO DU BERE HERIOTZAREN 75. URTEMUGAN
• Azaroaren 9an, 75 urte beteko dira hizkuntzalari lekeitiarra zendu zenetik, eta Euskaltzaindiak lehen euskaltzainburua izan zenaren lana eta bizitza gogoratzeko egitarau zabala antolatu du (Herriaren ahotik Euskaltzaindira). Zeregin horretan, bidelagun izan ditu Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala, Lekeitioko Udala, Bilboko Euskal Museoa eta Laboral Kutxa.
BILBO (2026-11-03). Resurreccion Maria Azkue (Lekeitio, 1864 – Bilbo, 1951) lehen euskaltzainburua izan zen, eta, horrez gain, alderdi askotako gizona: irakaslea, musikaria, apaiza, kazetaria, intelektuala eta folklorista. Azkueren askotariko lanek, haren ekintza sakabanatuek, amets bat zuten iturburu: euskaldunek euskaldun irautea mundu modernoan, beren hizkuntza eta kultura mantenduz eta garatuz. Amets horrexek inspiratu zuen Azkueren bizitza oparoa.
Azaroaren 9an, 75 urte beteko dira lekeitiarra zendu zenetik, eta Euskaltzaindiak lehen euskaltzainburua izan zenaren lana eta bizitza gogoratzeko egitarau zabala prestatu du. Ohi duen legez, erakunde pribatu eta publikoekin elkarlanean osatu du programa. Zeregin horretan, bidelagun izan ditu Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala, Lekeitioko Udala, Bilboko Euskal Museoa eta Laboral Kutxa.
Gaur aurkeztu da egitarau osoa, eta Akademiaren egoitzan egin den agerpenean izan dira Isaac Amezaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria, Eider Inuntziaga Bilboko Udaleko Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako zinegotzia; Ander Aldazabal Lekeitioko alkatea; Xabi Paya Bilbao Bizkaia Museoen zuzendaria; Marije Etxaniz Laboral Kutxako Komunikazio Ataleko zuzendaria eta Andres Urrutia euskaltzainburua.
EGITARAUA
Azaroaren 7an, larunbatarekin, eguerdi partean, edozenbat herritarrek parte hartuko dute Azkuek idatzitako testuen pasarteak irakurtzen, Lekeitioko Nautika plazan.
Azkue hil zen egunaren 75. urtemugan, azaroaren 9an, astelehenarekin, erakusketaren estreinaldia izango da Bilboko Euskal Museoan, arratsaldeko 19:30ean. Erakusketa horretan, batez ere, Azkueren bizitza eta lan nagusiak jorratzen dira, Euskal Museoak lan eta objektuen bilduma horri eman dion ukitu museografikoak aberasturik.
Gogorarazi behar dugu erakusketa 2027ko urtarrilaren 10a arte egongo dela ikusgai Euskal Museoan.
Azaroaren 14an, Azkueren Cancionero Popular Vasco edo Euskal Kantutegi Herrikoia oinarritzat hartuta, Bilboko Koral Elkarteko eta Lekeitioko abesbatzako gazteen sailek, hau da, Euskeria eta Kantakai koralek, musika emanaldia eskainiko digute Euskal Museoaren klaustroan, arratsaldeko 19etatik aurrera. Aurrerapen gisan, aipaturiko koraletako 70 bat gaztek abestuko dute emanaldian eta EITBk grabatuko du kontzertua.
Azaroaren 21ean, 12etan, Resurreccion Maria Azkueri buruzko hitzaldi mamitsua eskainiko du Jabier Kaltzakorta euskaltzain osoak Lekeitioko Azkue aretoan.
Azaroaren 27an, ostiralarekin, saio bikoitza egingo dute euskaltzainek Euskal Museoan. Alde batetik, 10etan, Akademiaren osoko bilkura egingo da eta, 12etan, Azkueren inguruko ageriko bilkura. Bigarren horretan, Bilboko Txistularien Bandak parte hartuko du.
Oraindik ere eguna finkatu ez dugun arren, azaroaren amaieran edo abenduaren hasieran herri-kantutegitik hartutako piezetan oinarrituriko partaidetzazko kantaldia eskainiko digu Josu Zarate kantuzaleak Euskal Museoan.
Abenduaren 19an, larunbatarekin, Resurreccion Maria Azkueri buruzko hitzaldia emango du Andres Urrutia euskaltzainburuak Lekeitioko Azkue aretoan, eguerdiko 12etan. Eta hitzaldi horren ostean, ordu bata inguruan, Sabiño Madariagak eta Gotzon Loberak Sustraia aldizkariaren berrargitalpena aurkeztuko dute leku berean. Sustraia aldizkariaren lehen alea 1978an kaleratu zen Lekeition eta bertan aipatzen da Azkue, baina 1984an ale monografikoa argitaratu zen Azkueren omenez edo gorazarrez (49. zenbakia) eta material hori da, hain zuzen, berrikusi eta aberastu dena.
Geroago, arratsaldeko 20:00etan, Bilboko Koral Elkarteak eta Lekeitioko abesbatzak Bilbon emandako kontzertuaren erreplika emango dute Lekeitioko Andre Mariaren Jasokundearen basilikan.
Amaitzeko, Azkueri buruzko erakusketa Lekeitiora eramango da 2027ko udaberrian eta han izango da ikusgai uda amaitu arte.