• DENDA
  • SARRERAK

“Bilboko erraldoiak” erakusketak uda konkistatu du eta 39.000 bisitari baino gehiago izan ditu Euskal Museoan eta Aztarnategian

Iraila 14, 2026

Bi hilabete baino gehiagoz Bilboko Euskal Museoan eta Mariaren Bihotza plazako Aztarnategian bisitatu ahal izan den erakusketa Bizkaiko hiriburuko kultura-eskaintza handienetako bat izan da

Aste Nagusian, abuztuaren 22tik 30era, erakusketa ikusteko sarrera doakoa izan denez, bisitari gehien etorri den uneetako bat izan da

Erakusketak arrakasta izan du eta, gainera, publikoak erantzun ona eman dio udako programazioari eta Bilboko Euskal Museoak ateak ireki ostean eskaintzen duen proposamen berrituari

 

Bilbon, 2026ko irailaren 14an. Bisitarien balantze positiboarekin amaitu da “Bilboko erraldoiak” erakusketa, eta udako proposamen kultural nabarmen gisa finkatu da Bilbon. Irailaren 13an ateak itxi zituen erakusketak 39.655 bisitari jaso ditu bi egoitzetan: Bilboko Euskal Museoko klaustroan eta Mariaren Bihotza plazako Aztarnategian.

Uda honetan erakusketa Bilboko Euskal Museora itzuli zen museoa erabat berritu eta gero ateak berriz ireki zituenean, eta, lehenengo aldiz, aldi berean aurkeztu zen bi lekutan. Egoitza bikoitz horrek Bilboko erraldoien zenbait belaunalditara hurbiltzeko aukera eman dio publikoari: gaur egun Aste Nagusian parte hartzen dutenetara, Euskal Museoan ikusgai egon direnak, eta aurreko belaunaldietako batzuetara, Aztarnategian ikusi ahal izan direnak.

Publikoaren erantzuna bereziki ona izan da abuztuaren 22tik 30era ospatutako Aste Nagusian. Milaka lagun hurbildu ziren Bilboko Euskal Museora eta Aztarnategira, hiriko jaiekin eta iruditeria kolektiboarekin lotura estua duten pertsonaia horiek erakarrita. Egun horietan zehar, gainera, erakusketa doakoa izan zen bi egoitzetan.

Neurri horri esker, publiko zabal eta familiarrak erakusketaz gozatzeko aukera izan zuen. Halaber, Bilboko jaietan, Euskal Museoko Erraldoiak egunero atera ziren klaustrotik kalera, kalejiran parte hartzeko.

Bilboko Euskal Museoak 18.564 bisitari izan zituen Aste Nagusian (400 inguru aztarnategian), eta erakusketa ireki zenetik bisitari gehien izan duen aldietako bat izan da. Uda osoan, Museoak 38.000 baino gehiago izan ditu (1.000 bisitari inguru aztarnategian). Kopuru horrek agerian uzten du museoaren ateak berriz ireki ondoren hasitako etapa berriak harrera ona izan duela.

Ondarea, jaia eta parte-hartzea konektatu dituen erakusketa

“Bilboko erraldoiak” erakusketaren arrakasta ez da erakusketa-guneetara egindako bisitetara mugatu. Erakusketak uda osoan umeentzat eta familientzat bereziki zuzenduta egon den jarduera programa izan du: sorkuntza-tailerrak, parte hartzeko proposamenak eta “Erraldoiak Dantzan” tailer tradizionala, Ondalan Konpartsarekin lankidetzan antolatutakoa.

Programazioak umeei eta familiei aukera eman die Bilboko erraldoien unibertsora modu parte-hartzailean hurbiltzeko. Euskal Museoan garatutako proposamenen artean paperezko Erraldoi txikiak, txotxongiloak eta Pitxitxi edo besteak beste Doña Tomasa pertsonaietan inspiratutako imanak sortzeko tailerrak egin dira; sorkuntza librerako guneak ere izan dira, uztailean eta abuztuan.

Mariaren Bihotza plazako Aztarnategiak familientzako ekintzak eskaini ditu, hala nola “Zure hatzak erraldoiak dira” tailerra eta Bilboko erraldoiei lotutako esperimentatzeko eta jolasteko beste proposamen ireki batzuk.

Erakusketaren testuinguruan, gainera, bi egoitzen artean “Aurkitu akatsak” lehiaketa antolatu dute, jendea bi guneak bisitatzera animatzeko eta txiki-erraldoien bikote baten zozketan parte hartzera gonbidatzeko.

Bilboko Euskal Museoa berriro irekitzeak markatu duen uda

“Bilboko erraldoiak” erakusketaren balantzea Bilboko Euskal Museoarentzat bereziki esanguratsua izan den uda batean kokatzen da. Izan ere, arkitektura eta museografia sakon berritu ondoren, Museoak etapa berri bati ekin dio.

Erakusketak eta hilabete hauetan egindako jarduerek izandako harrera onak agerian utzi du publikoak interesa duela bai Museo berritua, bai haren kultura-proposamen berriak ezagutzeko. Gainera, “Bilboko Erraldoiak” erakusketak ondarea, herri-kultura eta jaia elkartzeko gune gisa balio izan du, eta Bilboren nortasunaren alderdi ezagunenetako bat adin guztietako publikoari hurbildu dio.

 

Galeria

Beste prentsa-ohar batzuk

  • Euskal Museoa 
  • Museoa 
  • Prentsa 
  • “Bilboko erraldoiak” erakusketak uda konkistatu du eta 39.000 bisitari baino gehiago izan ditu Euskal Museoan eta Aztarnategian