Iraila 30, 2026
Bilboko Euskal Museoak telesailaren aurkezpen-prentsaurrekoa hartu du. Ekitaldian izan dira Catherine Zeta-Jones aktorea, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia
Ekitaldira, halaber, aktore taldeko kideak bertaratu dira: Óscar Jaenada, Sidse Babett Knudsen, Hattie Hook, Darci Shaw, Christine Adams eta Julian Rhind Tutt
Fremantle eta Steel Springs Pictures ekoiztetxeek Deabru Kalea Filmeak etxearen lankidetzarekin batera egin dute telesaila. Iaz filmatu zuten Bilbon eta Bizkaiko hainbat tokitan, baita Londresen eta Swansean ere
KILL JACKIE urriaren 2an estreinatuko da HBO Maxen.
KILL JACKIE, Oscar, BAFTA eta Tony sariak irabazi dituen Catherine Zeta-Jones aktoreak (Chicago, Miércoles) protagonista duen suspensezko telesaila, gaur goizean aurkeztu dute Bilboko Euskal Museoan. Aurkezpenean izan dira aktorea bera, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusia. Aktore taldeko kideak ere bertaratu dira: Óscar Jaenada, Sidse Babett Knudsen, Hattie Hook, Darci Shaw, Christine Adams eta Julian Rhind Tutt.
Euskal Museoan egindako prentsaurrekoan, Catherine Zeta-Jonesek honako hau adierazi du: «Bilbok dena dauka. Eta uste dut telesaila ikusten duzuenean konturatuko zaretela ez ginela hona etorri eszena batzuk besterik ez filmatzera. Hiria goitik behera ezagutu eta hemengo lagunen zein lagundu ziguten guztien ongi etorria nabarmendu genuen. Benetan, hau guztia ez litzateke posible izango haiek gabe. Horri esker, esperientzia paregabea bizi izan dugu denok, gogor lan egiten eta zerbait berezia sortzen ari ginen bitartean».
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak adierazi du «benetako harrotasuna» dela Bilbon KILL JACKIE telesailaren nazioarteko lehen aurkezpena hartzea. Izan ere, haren esanetan, telesailak «mundu osoa zeharkatuko du, gure hiriaren eta Bizkaia osoaren berezko ezaugarri diren irudiak, paisaiak eta emozioak erakutsiz». Halaber, honako hau gaineratu du: «Estreinaldi-gau honetan Bilbok modu berezian distira egitea nahi dugu, orain inoiz baino gehiago, ziurgabetasun eta konfrontazio garai hauetan, kulturaren indarra behar baitugu pertsonen arteko topagune gisa. Zinemak, telesailek eta ondo kontatutako istorioek elkar ulertzen eta munduari beste begi batzuekin begiratzen laguntzen digute. Eta gaur Catherine Zeta-Jones-eri eta ikus-entzunezkoen nazioarteko mapan berriro ere kokatzen gaituen talde bikain honi esker ohore hori izango dugu gure hirian».

Bestalde, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak adierazi duenez, «gure helburua Bizkaia mundu mailako ekoizpenetarako erreferentziazko lurralde gisa sendotzea eta, aldi berean, jarduera, enplegua eta aukera berriak sortzeko gai den ikus-entzunezko industria indartzea da. Bizkaian sustraitutako eta nazioarteko proiekzioa duen industria bat, alegia». Ildo horretan, nabarmendu duenez, «telesailak Bizkaian 258 milioi euroko eragin ekonomikoa izango duela aurreikusita dago».
Zortzi ataleko telesaila Nick Harkaway Sunday Times egunkariaren salduenen zerrendan dagoen egilearen El precio que pagas eleberri txalotuan oinarrituta dago. Harkawayk Aidan Truhen ezizenarekin idazten du.
Jackie Pricek (Zeta-Jones) hogei urte daramatza luxuzko bizimoduan: munduan barrena bidaiatzen, artelanak saltzen eta, batez ere, nazioarteko droga-trafikatzaile gisa izan zuen iragan arriskutsutik ihes egin zuenetik, anonimotasunari eusten saiatuz. Baina bere bizitza aspergarri samarra izaten hasten denean, bat-batean eta modu hilgarrian dena aldatuko da: munduko sikario beldurgarrienek osatutako «Zazpi Deabruak» taldea bera hiltzeko kontratatu dutela jakingo du. Bere iraganeko norbait egoera guzti horren atzean dagoela susmatuta, Jackiek bere sen zaharrak askatu eta plan zentzugabe bezain arriskutsu bati ekingo dio: «Zazpi Deabruak» banan-banan akabatzea, haiek bera hil baino lehen. Alabaina, laster ohartuko da bere deabruak bera jazartzen duten hiltzaile gupidagabeak baino askoz ere beldurgarriagoak direla… eta ezkutuan gordetako sekretuek etxetik gero eta gertuago eramango dute, ustekabeko ondorioekin.
Zeta-Jonesekin batera, honako aktore hauek ere arituko dira telesailean: Daniel Ings (El caballero de los Siete Reinos, The Gentlemen), Sidse Babett Knudsen (Prime Target, Borgen), Óscar Jaenada (Rambo V, Cantinflas), Hattie Hook (Of An Age, Ten Pound Poms), Darci Shaw (A Thousand Blows, This City is Ours), Raff Law (Masters of The Air, Triton), Enzo Cilenti (Black Mirror, The Crown), Christine Adams (Hijack, Malice), Julian Rhind-Tutt (Britannia, Napoleon), Karlis Arnolds Avots (Soviet Jeans, Lovable), Set Sjöstrand (La rueda del tiempo, Valhalla), Tadashi Ito (La sociedad de la nieve, El Hoyo 2), Sebastián Armesto (Gangs of London, A Small Light), Julian Barratt (The Mighty Boosh, The Great), Gavin Spokes (House of The Dragon, Slow Horses), Jonathan Cake (And Just Like That, Camping), Bamshad Abedi-Amin (A Town Called Malice, The Last Kingdom), Bill Paterson (Fleabag, Criminal Justice) eta Ron Perlman (Hellboy).
Más información: Euskal Museoa Bilbao Museo Vasco
Prensa y Comunicación: 944155423
e-mail: prentsa@bbmuseoak.eus