• DENDA
  • SARRERAK

Bilboko Euskal Museoak ateak irekiko ditu berriro ekainaren 10ean, eta doako sarrera eskainiko du ekainaren 21era arte

Ekaina 10, 2026

Museo berrituak euskal kulturan sartzeko ate handi gisa aurkezten du bere burua, erakusketa-gune berriekin eta proposamen museografiko garaikide batekin

Bisitariek Miserikordia eta Klaustro eraikinetako erakusketa erdi-iraunkorra ezagutu ahal izango dute dagoeneko

Unamuno Plaza gunea bigarren fase batean irekiko da, 2026ko irail eta urri bitartean

Bilboko Euskal Museoak ekainaren 10ean irekiko dizkio berriro ateak jendeari, arkitektura eta museografia eraldaketa sakon baten ondoren. Aldaketa horri esker, museo moderno, irisgarri eta mundura ireki gisa finkatu da. Berriro irekitzean, sarrera doakoa izango da ekainaren 10etik 21era, herritarrei proiektu kultural berria bertatik bertara ezagutzeko aukera eskainiz.

Zaharberritzeak 20 milioi eurotik gorako inbertsioa eskatu du, eta Bilboko Euskal Museoak euskal kultura zabaltzeko erreferente eta tradizioaren eta garaikidetasunaren arteko topagune gisa duen zeregina indartzen du. Museo berriak esperientzia murgiltzaile baten alde egiten du, euskal ondarea herritar guztiengana hurbiltzeko, nazioartera argi begiratzen duen diskurtso berritzaile eta irisgarri baten bidez.

Euskal kultura ezagutzeko lau gune

Proposamen museografiko berria lau gune handiren inguruan antolatzen da, bakoitzak bere nortasuna eta eginkizuna dituelarik:

  • Miserikordia: Museoaren aurkezpen-gutuna da, eta “Aretz Bizia” erakusketa-kontzeptua inspiratzen duen haritzaren sustraiak irudikatzen ditu. Euskal lurraldea eta ondare antropologikoa biltzen ditu, bildumako pieza ikoniko handien bidez; horien artean, Bilboko Víctor Jatetxarentzat fabrikatutako sukalde ekonomiko historikoa dago.
  • Klaustroa: XVII. mendeko jesuiten ikastetxe zaharraren bihotza da, eta euskal herriaren ondare historiko eta antropologikoaren ikuspegi globala eskaintzen duen erakusketa erdi-iraunkorra hartzen du. Mikeldi idolo entzutetsua da gune honen erdigunea, museoko pieza adierazgarrienetako bat.
  • Kurtze: Multzoko eraikinik funtzionalena da, eta familia, ikastetxe eta hainbat motatako hartzaileri zuzendutako hezkuntza-jardueretara, hitzaldieetara, topaketetara, liburutegira eta kultura bitartekaritzako programetara bideratuta dago.
  • Unamuno. Irail eta urri artean irekiko da:Unamuno Plazako eraikineko gelek beren nortasuna eta diskurtsoa dituzte, eta irail eta urrirako aurreikusitako bigarren irekiera-fasearen parte izango dira. Gune horretan egongo dira BIL(V)BAO aretoa, hiribilduaren eraldaketa historikoari eskainia; Lapikotik, tailer eta sormenerako laborategi gastronomikoa; Biltegi Bisitagarria; eta aldi baterako erakusketa-gelak.

 

Aro berri bat ehun urtetik gorako museo batentzat

Ehun urte baino gehiagoko historiarekin, Bilboko Euskal Museoak aro berri bati ekingo dio, bere bildumaren zati handiago bat erakusteko asmoz (50.000 pieza baino gehiagok osatzen dute), bere dimentsio hezitzaile, sozial eta nazioartekoa indartzeko.

Museoa berriro irekitzea mugarri kultural garrantzitsua da Bilbo eta Bizkaiarentzat, eta euskal herriaren historia, kultura, ondarea eta tradizioak ezagutzeko sarrera-ate nagusi bihurtu nahi duen espazioa finkatzen du.

Doako bisita gidatuak udan

Euskal Museoaren ateak berriro irekiko diren honetan, asteazken eta larunbatetan, ekainaren 22tik abuztuaren 21era bitartean, doako bisita gidatuak eskainiko dira museoaren arkitektura eta museografia berria ezagutzeko. Bisitak doakoak izango dira (asteazkenean, gainera, sarrera ere doakoa izango da. Larunbatetan museorako sarrera ordaindu beharko da). Hauxe izango da ordutegia: asteazkenetan, 11:00etan, 12:00etan, 17:00etan eta18:00etan, eta larunbatetan, 11:00etan, 12:00etan eta 17:00etan. Parte hartzeko, aldez aurretik izena eman beharko da 94 415 54 23 telefono-zenbakira deituta. Bisitak euskaraz eta gaztelaniaz eskainiko dira:

  • Asteazkenetan 11:00 ES/12:00 EU/17:00 ES/18:00 EU
  • Larunbatetan 11:00 EU/12:00 ES/17:00 ES

Euskal Museoa Bilbao. Euskal kulturarako atea

Doako sarrera 2026ko ekainaren 10etik 21era

Bisitarientzako irekiera: 2026ko ekainaren 10ean

Ekaina 10, 202609.00h.

Bilboko Euskal Museoak irekiko berriro

bisita gidatuak:
Asteazkenetan 11:00 ES/12:00 EU/17:00 ES/18:00 EU
Larunbatetan 11:00 EU/12:00 ES/17:00 ES